Kulturaldia

Sutegi goraino bete zuen "Kanpora sartzen" antzezlanak

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 12a, 10:13

Sarrerak agortu zituen "Kanpora sartzen" antzezlanak publikoa gozarazi eta hunkitu zuen bart Sutegin.

Sarrerak agortuta heldu zen NOAUA! Kultur Elkartea bart gaueko antzezlanera. "Kanpora sartzen" emanaldiak askotan ez bezala, Sutegi eserleku hutsik gabe utzi zuen. Aitziber Garmendia Mendizabalek zuzendu eta Xabin Fernandez Zubeldiak eta Intza Alkain Ibargurenek antzezturiko saioa, egileen esanetan iragarri modukoa izan zen; "umorez betetako emanaldi gordina".

Protagonistetako baten, Xabinen, eta birusaren rola antzeztu zuen Intzaren arteko hamar urteotako hartuemana aurkeztu ziguten. Hamarkada bateko bizipen gorabeheratsuetan barrena bidaia gordintasun osoz, umorez blaiturik. "
2013ko martxoaren 11n, Xabinek seropositiboa zela jakin zuen; egun hartan, dena aldatu zen. Hamar urteren ostean, Xabinen eta Birusaren arteko harremanari buruz hitz egiteko garaia heldu da".

Horixe egin zuten atzoko antzezlanean. Xabinen eta birusaren arteko bizikidetza elkarrizketatuaren lekuko zuzena izan zen Sutegiko publikoa. Kultur-etxeko auditoriora etorri ziren hainbat herrikide, baita beste hainbat lekuetatik ere.

"Pilulak, estigma, lotsa, kontsultak, beldurra, kulpa, bakardadea, osasun mentala, terapia, pandemia... Nola eragin du birusaren etorrerak Xabinen eguneroko bizitzan? Lehen pertsonan idatzitako istorioa da "Kanpora sartzen". Sentimendu gordinenen eta umorearen arteko oreka bilatzen duena, eta seropositibo baten egunerokotasunean gertatzen diren kontuak azaleratu nahi dituena. Lortuko al dute Xabinek eta Birusak kanpora sartzea?". Emanaldia ikusi dutenek badute galdera horren erantzuna.

NOAUA! Kultur Elkartearen Kulturaldia amaitzeko, igande honetan, azken saioa:



NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia
Azaroak 12, igandea
18:00 "Usurbil borobil errioan dabil" Kontakizuna eta tertulia Sutegin.
Zehaztasunak: Ixabel Agirresarobe Arzallus herritarrak 2023ko sormen diru laguntzetan aurkeztu eta babestutako proiektua ikusteko aukera izango dugu. Zubieta, Urdaiaga (Santuenea eta Txokoalde) eta Aginagako herritarrekin, errioko hainbat kontu eta pasadizo jaso ditu. Ahoz eta zuzenean jasotakoarekin ipuin bat sortu da, "gure herriko errioaren ipuin bat". Emanaldian ipuinaz gozatzeko aukera izango dugu eta, ondoren, bertaratutakoekin tertulian jarraitzeko aukera izango dugu".
Sarrera: doan.