Santuenean eta Kalezarren etzi, 2024ko udal aurrekontuen lehen aurkezpen bilerak

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 13a, 09:17

Usurbilgo udal gobernuak bi asteko birari ekingo dio azaroaren 15ean, datorren urteko dal aurrekontuak aurkeztu, tokian tokiko beharrez hitz egin eta ekarpenak biltzeko. 

Aurrekontu proposamenez hitz egiteko xedearekin, EH Bilduk gidatzen duen udal gobernuak hainbat bilera iragarri ditu, asteazken honetan, azaroaren 15ean hasi eta hilaren 28ra bitarte. Hitzordu hauetan guztietan, tokian tokiko beharrak eta proposamenak lantzeko aukera egongo da. Beste urte batzuetan bezala, "udal-gobernuak aurrekontuen proposamen zirriborroa osatu, eta ekarpenak egiteko aukera zabalduko du bertaratzen direnen artean". Bide batez, udal gobernutik aditzera eman dutenez, aurrekontuetako proposamenak azaltzeaz gain, "herri zein auzoetako beharrez hitz egiteko" baliatuko dituzte bilera hauek. 

Oposizioko talde politikoekin bezalaxe, herritarrekin ere partekatu nahi ditu bere egitasmoak. Batzuekin zein besteekin batu ondoren, udal aurrekontuen azken proposamena idatziko du Agurtzane Solaberrietak gidatzen duen lan-taldeak. Okerrik ez bada, abenduko osoko bilkuran landuko da proposamena, eta pleno horretan bertan hasieraz onartuko litzateke 2024ko udal aurrekontua.

Azaroaren 15etik 28ra bitartean bederatzi hitzordu iragarri dira guztira. Honako hauek:


2024ko aurrekontuak aurkezteko egutegia

Azaroak 15 asteazkena: Santuenea (frontoi ondoko lokalean) eta Kalezar (Haur eskolan).
Azaroak 20 astelehena: Txokoalde (Txokoargin) eta Zubieta (Kaxkapen).
Azaroak 21 asteartea: Etxealdia (Potxoenean).
Azaroak 23 osteguna: Atxegalde (Udarregiko jangelan) eta Aginaga (Eliza Zaharrean).
Azaroak 28 asteartea: Kaxkoa (Potxoenean) eta Munalurra (Eguzkin).
Bilera guztiak 18:00etan izango dira, Aginagakoa izan ezik (18:30).