Kulturaldia

Kulturaldian errio ertzetik eta datorren astean "Txulotik" kontalari Ixabel Agirresarobe

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 16a, 10:32

Ixabel Agirresaroberen ""Usurbil borobil errioan dabil" kontakizunak borobildu du aurtengo NOAUA! Kultur Elkartearen Kulturaldia. "Txulotik" lan berria aurkeztuko digu Mattinekin batera datorren aste hasieran.

Errioa goitik behera etorri bezala, urak dakarren istorio ederra kontatu zigun iragan igandean Ixabel Agirresarobek Sutegiko auditorioan. NOAUA! Kultur Elkartearen Kulturaldiari amaiera eman zion "Usurbil borobil errioan dabil" saioan. Berak hainbat alditan aipatutako errio ertzetako "asentamenduetan", besteak beste, Zubietan, Santuenean, Txokoalden, Aginagan... eremu hauetan guztietan bizi ziren hainbat lagunen bizipen eta istorioetan oinarrituta landua zuen ipuina aurkeztu zuen. Auditorioko eserlekuetan adi-adi entzuten aritu zirenen artean ziren hain zuzen, kontakizun hau osatzeko Ixabelen "informazio-iturri" izandako hainbat herrikide.

Haiekin, kultur-etxera joandakoekin, tertulian aritzeko aitzakia izan zen errioa segidan. Izan ere, horixe sustatu nahi zuen Udalaren sorkuntza alorreko dirulaguntza jaso zuen Agirresaroberen kontakizunak; ahozkotasuna eta baita herriko kontuei buruzko transmisioa, haria eten ez dadin. Ipuin hau sortzeko abiapuntu izan ziren herrikideen arteko tertuliak goraipatu eta halako bilguneak bultzatzeko egokitasuna nabarmendu zituzten NOAUA! K.E.-ren zikloa borobildu zuen ekitaldian.

Agirresarobe bueltan izango da hurrengo aste hasieran kultur-etxeko auditorio horretan, orduko horretan, beste proiektu batekin. Ipuin kontalariak Iñaki Martiarena "Mattin" ilustratzailearekin lankidetzan sortutako "Txulotik" lana aurkeztuko dute ikasle talde baten eta hedabideen aurrean.

Hurrengo hitzorduak
Kulturaldia amaitu da bai, baina NOAUA! Kultur Elkartearen ohiko jarduna ez. Kultur elkarte hau urte amaierara begira da jada, abenduaren 17ko San Tomas azokara. Ekimen honen baitan sagardo eta babarrun txapelketak egingo dira urtero moduan. Beraz, produktuok ekoizten dituzuen herrikideok hasi prestaketa lanekin. Azaroaren 27tik 29ra edota abenduaren 11tik 13ra izango duzue lehiaketa hauetan izen-eman eta produktuok kultur elkarteko egoitzara ekartzeko epea.