San Tomas azokarako babarruna eta sagardoa prestatzen hasi

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 14a, 10:41

Abenduaren 17an izango dugun San Tomas azokako babarrun zein sagardo txapelketetarako jaki eta edariak prestatzen hasteko deialdia egin du NOAUA! Kultur Elkarteak.

Urte amaierako ospakizunetan murgilduko gaituen San Tomas azokarako prestaketa lanak abiarazi ditu NOAUA! Kultur Elkarteak. 2023ko edizioa abenduaren 17rako iragarri du, ohi bezala, besteak beste, sagardo eta babarrun txapelketekin.

Bi lehiaketa horietan parte hartzeko asmotan direnentzako oharra; zuen etxeko sagardoa eta babarruna prestatzen hasi. Izan ere, laster irekiko du NOAUA! K.E.-k udalerri honetan ekoitzitako jaki eta edariok bildu eta ekimen hauetan izen-emateko epea. Denbora tarte hau bitan zatituko dugu aurten. Azaroa amaieran hiru egun finkatu ditugu, beste hiru abenduan.

Segidan duzue txapelketa hauetan parte hartzeko kontuan hartu beharreko xehetasunen berri:

SAN TOMAS AZOKAKO BABARRUN ETA SAGARDO TXAPELKETAK
Izen ematea
Azaroaren 27, 28 eta 29 eta abenduaren 11, 12 eta 13an NOAUA!ko egoitzan. Ordutegia: 8:00-13:00/16:30-18:30. 

Sagardo lehiaketa
Sagardoa etxean egiten duten usurbildarrek parte hartu ahal izango dute. Sagardotegiek ezingo dute parte hartu.
Partaide bakoitzak 8 botila ekarri beharko ditu, eta botila bakoitzeko 1,5 euro ordainduko zaio.

Babarrun lehiaketa
Partaide bakoitzak kilo bat babarrun ekarri behar du eta 12 euro ordainduko zaio.
Ezaugarri hauek hartuko dira kontuan:
-Itxura: osorik edo hautsita dagoen, zimurrak...
-Kolorea: zenbat eta beltzagoa orduan eta hobeagoa.
-Berdintasuna: tamainaz, kolorez... elkarren berdinak izatea.
-Dizdira: berezko dizdira beste edozein produkturekin (olio, abrilantadore...) estali edo aldatua izaten bada lehiaketatik kanpo geratuko da.
-Garbitasuna: partikula arrotzik ez izatea.

Sagardo/babarrun txapelketen sariak
1. saria 150 euro eta txapela.
2. saria: 90 euro eta kopa.
3. saria: 50 euro.

Informazio gehiago:
943 360 321
NOAUA! K.E.-ren egoitza