Postre gozoenak sarituko ditu 22. Erle Egunak

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 14a, 10:20

Hiru urteko etenaldiaren ostean, azaroaren 26an bueltan etorriko da 22. Erle Eguna.

Hiru urteko etenaldiaren ostean, indarberriturik datoz Erle Lagunak taldekoak Usurbilgo hitzordu gozoenarekin. Erle Egunari lekua egingo dio udalerri honek azaroaren 26an. Badira antolakuntzak aurrez plazaratu nahi dituen bi ohar. Batetik, erlea eta eztia ardatz hartuta hainbat terapia saio ezagutu eta probatzeko aukera eskainiko dute hilabete honetako azken igandean. Potxoenean; besteak beste, eztidun masajeak edota erleen ziztadak ongarri gisa erabiltzen dituztenak. Natura bera ongarri gisa baliatzen duten doako terapia hauetara gerturatu nahi duenak hitzordua eskatzeko aukera du aurrez, Erle Lagunekoei helbide honetara idatzita; erlelagunak4@gmail.com

Bestalde, erakusketa ezberdinekin batera, lehiaketek ere tartea izango dute noski, besteak beste, gozogintzakoak. Adi, txapelketa honetan edonork parte hartu ahalko du. Egin beharrekoa, eztia osagai gisa duen postre bat sukaldatzea izango da. Nahi duenak postrea aurrez sukaldatu eta azaroaren 26an goizeko 9:00etatik aurrera frontoian aurkeztu beharko du. 

Hortik aurrera, eztiarekin egingo duten moduan, aurpegi ezagunez osaturiko epaimahaiak "zaporea, itxura... baloratuko ditu puntuazio bidez. Denoi animatzen zaituztegu parte hartzera. Polita izaten da ikustea jendea zer sorkuntza lan ederrak egiteko gai den", Erle Lagunak taldetik nabarmendu duenez. Eguerdi horretan egingo dute sari banaketa.

22. Erle Eguna
Azaroak 26, igandea
09:00-10:00 Ezti eta gozogintza txapelketetarako jakien bilketa.
Goizean, Potxoenean: eztian oinarrituriko terapiak doan probatzeko aukera.
11:00-14:00 artean plazan:
- Azoka, postuetako salmenta.
- Erakusketak Sutegin: erleak, eztia ontziratzeko prozesua, Marrazki Lehiaketako lanak...

13:30 Sari banaketa: Euskal Herriko 22. Ezti Lehiaketako eta gozogintza nahiz marrazki txapelketetako irabazleak nortzuk diren jakinaraziko dute.

Antolatzailea: Erle Lagunak.