Seigarren bira agurtzear du Gure Zirkuak Usurbilen. Hasiera batean, hamabi emanaldi iragarri zituzten azaroaren 3an hasi eta 18ra arte. Bidean beste bi saio gehiago eskaintzea erabaki zuten, hamalau beraz, guztira. Agurreko bira horren azken astean dira Urbil pareko aparkalekuan kokatu duten eremuko artistak. Une honetan, saio bakarrerako txartelak baino ez dituzte salgai. Bost emanaldi eskainiko dituzte hurrengo asteburuan. Lau saioetarako sarrerak agortuak dituzte, bosgarrenerako oraindik badituzte txartelak. Sarrerak gurezirkua.eus atarian eskura ditzakezue.
Honatx beraz, Gure Zirkuak Usurbilen eskainiko dituen agur birako emanaldiak:
-Azaroak 17, ostirala: 19:00.
-Azaroak 18, larunbata: 16:30/19:00.
-Azaroak 19, igandea: 12:00 (sarrerak salgai)/17:00.
Gure Zirkua
Harrera jendetsua izan ohi du, Gure Zirkuak bisitatu dituen Euskal Herriko txokoetan. "Nortasun berezi, xelebre eta irribarretsua duten artistez osatutako konpainiak ezinezkoarekin jolas egin asmo du, eta beren ametsetako ikuskizuna eskaini. Beren arte eskuzabal eta herrikoia erakutsi nahi digute. Beren lanbidea, edertasuna eta ausardia elkarbanatu nahi dute herri osoarekin, adin eta maila guztietarako herritarrekin", hala aurkeztu digute Gure Zirkua bere sustatzaileek.
Iragarria dutenez, "Gure Zirkuan sinetsi ezin dena gozatuko dugu; eta karpa barruko giroa osatuko duten orekarekin, indarrarekin, arriskuarekin, trebetasunarekin eta pozarekin harrituko gara".
Sarrerak eta informazio gehiago, gurezirkua.eus atarian.