Tren zerbitzuan etenaldiak hurrengo astean, geltoki berriko lanak direla eta

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 14a, 07:55

Azaroaren 20tik 24ra goizeko lehenengo bi zerbitzuak eten egingo ditu Euskotrenek, Usurbilgo tren geltoki berriko eraikitze lanak direla eta.

Adi, Donostia alderako trena erabiltzen duzuenok. Datorren astean, ohi baino bi tren zerbitzu gutxiago eskainiko ditu Euskotrenek, azaroaren 20tik 24ra. Usurbilen eraikitzen ari diren tren geltokiko lanak tarteko, aipatu zerbitzua murriztu egingo du bost goiz horietan, datorren astelehenetik ostiralera beraz. Hala jakinarazi du Usurbilgo Udalak, Euskotrenen oharra aintzakotzat hartuta. 

Hala dio oharrak; "Usurbilgo geltoki berria eraikitzeko lanak direla eta, azaroaren 20tik 24ra, biak barne, Zarauztik 7:20an eta 8:20an abiatzen diren eta Donostiara doazen trenek ez dute zirkulatuko. Barka itzazue eragozpenak" dio Euskotrenen oharrak. Ohar horren arabera, Orio aldetik Usurbilgo geltokira 7:34an eta 8:34an heltzen diren eta handik Donostia aldera doazen tren zerbitzuak eten egingo dira, ez dira eskainiko.