Julen Lejardi Araolazaren familiaren eskertza

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 14a, 10:03

Zendu berri den gaztearen familiak egunotan jasotako babesa eskertu nahi du.

Tristura eta samin handia eragin du Julen Lejardi Araolazararen heriotzak egunotan Usurbilen. Urriaren 7an izan izan zuen ezbeharrean larriki zauritu ostean, iragan azaroaren 8an hil zen 20 urteko gaztea. Bere heriotzaren berri izan genuenetik han eta hemen Lejardi Araolazaren aldeko hainbat oroimen ekimen egin dira, izan mezuen nahiz egin diren ekintza hunkigarrien bidez ere.

Ostiral iluntzean egin zitzaion azken agurra Salbatore parrokiko hileta elizkizun jendetsuan. Aurretik, Udarregi ikastolan gogoan hartu zuten “Julen gure ikasle-ohia, entrenatzailea, begiralea eta laguna! Lore hau landatuko dugu bere oroitzapen eta maitasuna bizirik mantentzeko. Eskerrik asko Julen, eman diguzun guztiagatik!”, adierazi zieten eraikin gorriko erdiko aretoan jarri zuten lorearen bueltan bildutako kideek.

Ikastolak aipatu moduan, besteak beste, kirol arloko jardunarekin lotura estua zuen zendu berri den gazteak, bereziki Usurbil Kirol Elkartearekin bai berak eta bere familiak. Bere heriotzaren berri izan ostean, sare sozialen bidez ere samina adierazi eta babesa helarazi nahi izan zieten eskubaloi elkartetik gaztearen senide eta lagunei. "Atzokoa oso egun gogorra izan zen, izan ere, Usurbilgo zeru gainean beste izar bat piztu zitzaigun. Julen Lejardi Araolaza atzo zendu zen 20 urte zituela". Une honetan, "familia, lagun, klub eta herriari utzitako hutsune latz hau beteko duenik ez dago; horixe da bere gizatasunaren adierazlerik handiena. Besarkada goxo bat helarazi nahi diegu bereziki familia eta gertuko lagunei".

Era berean, eskerrak helarazi nahi izan ditu elkarte honek jasotako animu eta babes mezuengatik. "Usurbil Kirol Elkartetik gure esker ona adierazi nahi dugu une gogor honetan jasotako indar eta babes mezuengatik. Entrenatzaile, jokalari, klub zein Gipuzkoa eta Euskadiko federazioetatik jasotako mezuak askotarikoak izan dira", ohartarazi du elkarteak sare sozialen bidez. Ildo horretan, "bereziki eskertu nahi dugu atzoko egunean Bidasoa Irun partidan eginiko minutuko isilunea. Dakizuenez ez dago min hau baretuko duenik, baina bihotzez mila esker arintzen saiatu izanagatik".

Minutuko isiluneak
Iragan astebururako eskubaloi taldeen bilguneak iragarriak zituen senior neska eta mutilen taldeen partidak bertan behera uztea erabaki zuten. Erabaki hori hartzeko eskainitako laguntzagatik ere eskerrak helarazi dizkiete Usurbil K.E.tik "bai BM Corazonistas zein Eragin Orio eskubaloi taldeei". Eta azkeneko eskertza, egunotan omendu den gazteari. "Maite zintugulako eta maitatzen jarraitzen zaitugulako. Eskerrik asko Julen!!".

Usurbil Futbol Taldea ere oroimen deialdi honetara batu da. Haranen jokatutako partidetan minutuko isilunea egin zute, kadete neska eta mutilen eta erregionalen taldeko neurketetan besteak beste.

“Bihotza birrinduta dugu”
Julenen aldeko hileta elizkizuna egin zuten egunean hainbat eskela argitaratu zituzten bere senide eta lagunek, baita Usurbil K.E.-k ere. Oroimenerako bide ezin egokiagoan bilakatu ziren. Haietako batean nabarmendu zutenez, "ikasketetan abila, jende artekoa, dantzari fiña eta eskubaloian dena ematen zenuena", hitz hauekin oroitu eta omendu nahi izan zuten bere senide eta lagunek. Bere umorea eta prestasuna ere goraipatu zuten beste eskeletako batean. "Zure eskubaloiko familiak ez zaitu ahaztuko", adierazi zioten Usurbil K.E.-tik.

Azken eskela, Euskal Herriko Unibertsitateak plazaratu duena izan da. EHU-ko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikaslea zen Julen. "Fakultateko Dekanoak eta kide guztiok gure dolumina adierazten dugu eta galera samin honen aurrean bat egiten dugu familiaren sentimenarekin", adierazi nahi izan diete Lejardiren hurbilekoei.

Bere babesa agertu nahi izan die senide eta lagunei Usurbilgo alkateak. "Bihotza birrinduta dugu, haserre, minez, amorruz, penaz. Horixe da une honetan usurbildarron sentimendu orokortua. Besarkada handi bat familiari, lagunei eta, oro har, herriko gazteei. Lurrak goxo har zaitzala, Julen!".

Eskertza
Egunotan egindako oroimenerako hitz eta ekintzen lagin bat baino ez da lerrootan azaldu duguna. Ezin denak aipatu baina denak eskertu nahi ditu Julenen senideek. “Jasotako erantzunak txundituta utzi gaitu”, adierazi nahi dute bere anaiak eta gurasoek NOAUA! bidez.

Inor ahaztu gabe herri osoa eskertu nahi dute jaso duten babesagatik. “Une zail hauetan jasotako babesak bihotza bete digu”, helarazi nahi izan dute. Eskerrik beroena helarazi nahi diete denei.