Andatzako hilketa leporatu zioten gizonezkoa erruduntzat jo du epaimahaiak

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 15a, 08:25

Hala jakinarazi dute  bart. Berarekin batera atxiloturiko bi emakumeetako bat konplizetzat jo eta hirugarrenari hilketa estali izana leporatu diote.

Gogoan izango duzue kasua. 2022ko otsailaren 27an, inauterien asteburuan gizonezko baten gorpua aurkitu zuten Andatzan. Gerora, Ertzaintzak abiarazitako ikerketaren baitan, hiru lagun atxilotu zituen urte hartako martxoa amaieran jakinarazi zuenez. Haietatik bi espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak.

Ikerketa horren arabera, Andatzan hilda aurkitu zuten gizonezkoak bertan hilabete zeraman. 2022ko urtarrilaren 24an geratu zen hilketa, Hernaniko etxebizitza batean hasitako borroka baten harira. Furgonetaz eraman zuten Andatzara segidan, akusatuak hil zuen gizonezkoa.

Kasu honi lotutako epaiketa egin dute asteotan. Bart hilketa hau egotzi zaion gizona erruduntzat jo du epaimahaiak. Iaz atxilotu zuten akusatuaren bikotekidea hilketaren konplizetzat jo dute eta hirugarren atxilotuari hilketa estali izana leporatu diote. Azken bi hauei neurri aringarriak aplikatzea ebatzi du epaimahaiak. Modu horretan, hedabideak berri ematen ari direnez, Fiskaltzaren eskaera guztiak kontuan hartu ditu epaimahaiak. Iazko hilketari lotutako hiru inplikatuek gertatutakoa aitortu dute epaiketa prozesu honetan zehar.