Herriko kaleetan ditugun sorkuntza lan ederretan barrena bisitariak ikusi genituen astearte arratsaldean; Etumeta AEK euskaltegikoak ziren. A1 eta C1 taldeko ikasle eta irakasleek herri erdigunean bira interesgarri askoa egin zuten, egunerokoan bizilagun ditugun artelanak eta haien historia sakonago ezagutzeko.
Bestelako turismo eredua sustatzen diharduen 650 Usurbil Bizi egitasmoari lotuta, iaztik abian den "Usurbil Museo Irekia" ekimenaren baitan egin zuten ordubete inguru iraun zuen osteratxo honek. Hala, besteak beste, aurten 50 urte bete dituen Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko murala eta Mikel Laboa plaza, Karlos Zabalaren Askatasuna plazako irudiak, Udarregiren omenez Remigio Mendiburuk ondutako eskultura... bisitatu zituzten. Herri honek sorkuntzarekin duen hartueman estua agerian utzi zuen beste behin bisita gidatu berezi honek.
23. Korrikaren aurkezpena
Etumeta AEK euskaltegia aipatu dugun honetan, adi ostegun honi, azaroaren 16ari. 23. Korrika badator! 2024ko udaberrian euskararen alde egingo den lasterketa bihar goizean aurkeztuko dutela iragarri dute antolatzaileek, goizeko 11:45ean.