23. Korrika badator! AEK 2024ko udaberrirako antolatzen ari den euskararen aldeko lasterketaren edizio berria ostegun goiz honetan bertan aurkeztu dute. Albiste honi atxikia duzue ekimenaren aurkezpen bideoa.
Martxoaren 14an Irunen hasi eta martxoaren 24an Baionan amaituko da. "Harro Herri" aldarripean egingo da 23. Korrika, "euskal komunitateak euskararekiko sentitzen duen harrotasunaren adierazle eta erakusle".
Aurkezpen bideoren bidez adierazi duten moduan, "bidegurutze honetan garaia da euskaraz bizi nahi dugula ahobetez oihukatzeko. Harrotasunez. Mugi dezagun euskararen herria ingurua mugiarazi arte. Harro adi Kantauri itsasoa, Arabako mahats, Bardeako buztin, harro zite Pirinioko elur, Meatzaldeko burdin. Elkarrekin nahi ditugulako pausoak egin. Bete ditzagun etxeak eta kaleak euskaraz. Harro egon garenaz eta egiten dugunaz. Harro plazan, online zein bizitzan. Harro herri eta harro Korrikan".
Aurkezpeneko mezua
Honatx 23. Korrikaren aurkezpenean zabaldu duten mezua:
Harro herri, euskaraz jakin zein ez, har dezagun dimentsio orotan eragiteko konpromisoa, herria batuta. Harrotasunez! Konplexuak gainetik kendu, mugi dezagun euskararen herria, ingurua mugiarazi arte.
Harro hadi Kantauri itsasoa,
Arabako mahats, Bardeako buztin.
Harro zite Pirinioetako elur, Meatzaldeko burdina. Elkarrekin nahi ditugu pausoak egin,
espazio berriak irabazi eta, hitzez zein ekintzez, aldarri egin.
Gauden harro garenaz, eta egiten dugunaz. Bete ditzagun etxe eta kaleak euskaraz. Harro plazan, online zein kanpoko bizitzan. Harro herri, eta harro KORRIKAn!
Omendua
Oraingo honetan, Azterketak Euskaraz kolektibo gaztea omenduko du 23. Korrikak, "edo, zehazki, Baxoa eta Brebeta1 euskaraz egiteko borrokan aritu eta ari diren ikasleak".
Antolatzaileen esanetan, "aitortza hau haien egoera ezagutzera emateko bozgorailua izan daiteke: Euskal Herri osoan, eta hemendik kanpo ere, jakin dezatela gazte horiek egun ezin dutela ikasketen zati garrantzitsu hori gure hizkuntzan burutu. Gainerako gazteentzat ere eredugarri izan daiteke ikustea egoera okerrenetan ere hainbat ikaslek ahalegina egiten dutela euskara hautatzeko".
Parte hartzeko bideak
Aurreko edizioen antzera, 23. Korrikan parte hartzeko bide ezberdinak izango dira. Herrian osatuko den batzordean parte hartzeko aukera izango duzue. Ekarpen ekonomikoa ere egin ahalko da edo haren berri eman. Horrez gain, noski, ibilbideko kilometroak eskuratu nahiz lasterketan bertan parte hartzeko aukera egongo da.
Xehetasun gehiago aurrerago emango dituzten arren, momentuz Korrika Laguntzaile izateko aukera duzue korrika.eus atariko galdetegia beteta. Hainbat abantailez gozatzeko aukera dute laguntzaileok: 300 sari baino gehiagoren zozketan parte hartzeko aukera, Korrikaren ekimenetan lehentasun edo deskontuak, deskontuak baita AEK-ko ikastaroetan...
Xehetasun gehiago aurrerago
Gaurkoa 23. Korrikaren lehenengo aurkezpen saioa izan da. Ekimen honen abestia edota ibilbidea aurrerago ezagutaraziko ditu antolakuntzak. Parte hartzeko bideei buruzko xehetasun gehiago ere aurrerago eskainiko dituzte. Orain arte plazaratu duten informazioa korrika.eus atarian irakur dezakezue. Bestela, zuen mugikorretan Korrikaren app berria ere deskargatzeko aukera dago.
Euskararen aldeko lasterketari buruzko informazio gehiago, korrika.eus atarian.