Udarregi Ikastolako batzar nagusia azaroaren 16an egingo da Agerialden. Balantzea egiteko garaia heldu da, ezta?
Hori da. Udarregin beharrean, Agerialdeko eraikinean batuko gara aurten. Eraikineko bigarren solairuan, zehazki esanda. Batzarra arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta ordu t Ěerdiko iraupena izango du gehienez ere. Aurten, Artezkaritza Kontseilua eta Zaintza Batzordea berritzea tokatzen da. Gainontzean, iazko ikasturteko kudeaketa sozialaren nahiz diru kontuen berri emango da. Ikasturte berriko aurrekontu ekonomikoari buruzko azalpenak ere emango ditugu. Eta amaieran, horrelakoetan ohikoa den bezala, galdera-erantzunen tarte bat zabalduko dugu.
Azpimarratzekoa da tokia. Batzarra Agerialdeko bigarren solairuan egingo da, ez Udarregiko eraikin gorrian.
Aurtengo udan Agerialdeko solairu hori berritu genuen eta bisita gidatu baten bitartez egindako aldaketak arrazoituko ditugu. Txoko ezberdinak ezagutuko ditugu eta espazio berriak zein gure ildo pedagogikoak nola uztartzen diren azalduko dugu. Modu atsegin batean egingo dugu eta mahaiaren bueltan. Zizka-mizkak izango dira bertaratzen direnentzat eta ikastolako oparien zozketa egingo dugu, bide batez.
Aurtengo batzarreko arlo nabarmenena zein izango da?
Arlo pedagogikoa nabarmendu nahi genuke. Marko pedagogikoari errepasoa ematen hasiak gara eta, bestalde, ‘Curriculum Berria’ txertatzen ari gara: iaz LH1, 3, 5 eta DBH1, 3 mailetan egin genuen eta aurten LH2, 4, 6 eta DBH2, 4 mailetan ari gara txertatzen. 2015. urtean, Konfiantzaren Pedagogiari ekin genion Haur Hezkuntzan. Ikastolako beste etapetara hedatzeko pausoak ematen ari gara pixkanaka. Egun, LHko lehen 3 mailetan ere txertatuta daukagu eta gainerako etapetan aldaketa batzuk egin ditugu. DBH mailan adibidez, 'Harrera' ekimena jarri dugu martxan, etxetik gelarako egokitze prozesuari garrantzia emateko. Marko pedagogikoari buruzko hausnarketa hala ere, ez da ikaslegora mugatzen. Langileok eta irakasleok ere badugu zeregina. Horren jakitun garenez, Udarregiko klaustro osoak ahalegin berezia egingo du eta formazio ikastaro bat jasoko dugu denok. HUHEZIren eskutik, pedagogiaren inguruko lanketa egingo dugu eta horrek gure markoa birdefinitzen lagunduko digu.
Iraganean egindakoa errepasatu eta etorkizuneko planak egiteko balio dute batzar nagusiek. Erabakiak hartzeko gune nagusiena ere bada, ezta?
Gure kasuan, batzar nagusiaren helburu nagusiak hauek dira: informazioa partekatzea, zalantzak argitzea, iritziak nahiz proposamenak jaso eta nola ez, erabakiak hartzea. Udarregi ikastola denon artean egiten dugu; zenbat eta partaidetza zabalagoa orduan eta ikastola biziagoa izango dugu. Eta kudeaketa ere, eraginkorragoa litzatekeela iruditzen zait.
Azaroaren 16ko batzarrera joan ala ez joan, zalantzan diren gurasoei zer esango zenieke?
Hasteko, Agerialde eraikinean egindako birmoldaketa ikusteak merezi duela esango nieke. Udan, eraikineko bigarren solairua bere osotasunean eraberritua izan zen. Batzarrean hain zuzen, solairu horretako txoko desberdinak bisitatzeko aukera izango dugu. Bisita gainera, gidatua izango da; espazioen antolaketa eta diseinua Udarregi ikastolaren pedagogia beharretara egokitu da. Espazio irekiak, gardenak, balioanitzak, integratzaileak, erosoak eta goxoak sortu nahi izan ditugu. Eta balio horietara egokitu dugu Agerialdeko bigarren solairuko espazioa. Bisita gidatuan zehar, behar adina azalpen emango dira.
Haurreskolak haur partzuergoko eskolak doan dira orain. Udarregi ikastolako haur eskola ordea, ez dago Haurreskolak partzuergoan. Herri izaerako eskola da Usurbilgoa. Udalak egin duen diru ekarpen bati esker, 2023-24 ikasturteko kuotaren bi heren bere gain hartuko ditu udaletxeak. 2024-2025 ikasturteari begira ere mantendu egingo al da formula hau? Nola daude gauzak une honetan?
Usurbilgo Haur Eskolaren esleipena ere aurten amaitzen da eta, nola ez, aurrera begira jarriak gaude. Datozen hilabeteetan, Haur Eskolaren gaia jorratuko dugu. Horretarako lantalde bat sortu dugu propio Udarregi ikastolaren baitan. Udalarekin ere harremanetan gaude.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Delegaritzatik behintzat, oraingoz ez dator ezer. Eta honek ziurgabetasun handia dakar, Haur Eskolarentzat zein Udarregi ikastolarentzat.
Duela hilabete edo, Eusko Legebiltzarrean akordio batera iritsi ei ziren, udal izaera duten Haur Eskoletan ere doakotasunerako bidea urratu dadin. Baina ez ziren epeak zehazten. EAEn, 13 bat Haur Eskola daude egoera honetan (tartean, Usurbilgoa).
Egoera ez dirudi oso bidezkoa denik.
Lasarte-Orian eta Orion doakoa da Haur Eskola eta Usurbilen ez. Diskriminazioa agerikoa da.
Batzuk zein besteek, funtzio berdina betetzen dute denek.
Hori da. Ez zait batere bidezkoa iruditzen.
Bada pil-pilean den beste gai bat ere: Hezkuntza Legea. Iazko udaberrian akordio zabal bat zirudiena, desitxuratuz joan da gutxinaka. Eusko Legebiltzarreko gorabehera hauek nola bizi dituzue hemendik, Udarregi ikastolaren prismatik?
Akordioa erabat desitxuratzen ari da, bai. Hezkuntza Lege egoki bat ateratzea baino garrantzitsuagoak dirudite bi alderdiren interesak, eta lotsagarria iruditzen zait. Honek ere ziurgabetasun egoera batean jartzen gaitu. Eta etorkizuneko egitasmoei begira, eragina handia du, kudeaketa arloan bereziki.
Batzar Nagusiko gai zerrenda
Noiz: Azaroak 16 osteguna.
Ordua: 17:30 Lehen deialdia. 18:00 Bigarren deialdia. 18:30 Hirugarren deialdia (18:00etan hasiko da batzarra).
Iraupena: 90 minutu.
Lekua: Agerialdeko bigarren solairuan.
Gai zerrenda
1.- Sarrera: ongietorria eta 2022ko Ohiko Batzarraren aktaren onarpena.
2.- Artezkaritza Kontseilua eta Zaintza Batzordea berritzeko kide aukeraketa.
3.- 2023-24 ikasturteko Kudeaketa Plana: ikasturteko erronkak.
4.- 2022-23 ikasturteko kudeaketa sozialaren nahiz urteko kontuen onarpena eta emaitzen aplikazioa.
5.- 2023-24 ikasturteko aurrekontu ekonomikoaren azalpena eta onarpena.
Batzarrean zehar
• Argazki erakusketa: Ikastolan egiten diren proiektu, lan, ekimen, irteera, ospakizun eta abarrez osatua.
• Bisita gidatua: espazio berrian zehar solairuaren txoko desberdinak ezagutaraziko dira. "Espazioek eta gure pedagogiak bat nola egiten duten azalduko da".
• Mahaiaren bueltan, zizka-mizka.
• Ikastolaren oparien zozketa.