Gure Zirkukoen asteburuko azken emanaldietarako sarrerarik ez

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 17a, 08:57

Gure Zirkukoek asteburuan Usurbilen eskainiko dituzten azken emanaldietarako sarrerak agortuak daude. Ikuskizun honetaz gozatu nahi duenak urte amaieran Tolosan iragarri dituzten hitzorduen zain geratu beharko du.

Igandean, azaroaren 19an eskainiko dute azken emanaldia Gure Zirkukoek Urbilen kokatua duten karpan. Une horretan agurtuko dute azken hilabeteotan egin duten seigarren bira arrakastatsua. Izatez larunbaterako zituzten iragarriak azken saioak, baina izan duten harrera ikusita, iganderako beste bi programatu zituzten. Halere, orohar, gaur hasi eta hilaren 19ra arte antolatu dituzten emanaldi guztietarako sarrerak agortuak daude dagoeneko.

Gure Zirkua barrutik ezagutu nahi duenak urte amaierara arte itxaron beharko du. "Gabonak Tolosan!!!" igaroko dituztela iragarri dute. Ildo horretan, abenduaren 24rako emanaldia iragarri dute udalerri horretan, goizeko 9:00etarako. Sarrerak azaroaren 27tik aurrera jarriko dituzte salgai gurezirkua.eus atarian.

Aurretik, aipatu moduan, Gure Zirkuak Usurbilen eskainiko dituen agur birako azkeneko bost emanaldiak eskainiko dituzte asteburuan: 
-Azaroak 17, ostirala: 19:00.
-Azaroak 18, larunbata: 16:30/19:00.
-Azaroak 19, igandea: 12:00/17:00.

Gure Zirkua
Harrera jendetsua izan ohi du, Gure Zirkuak bisitatu dituen Euskal Herriko txokoetan. "Nortasun berezi, xelebre eta irribarretsua duten artistez osatutako konpainiak ezinezkoarekin jolas egin asmo du, eta beren ametsetako ikuskizuna eskaini. Beren arte eskuzabal eta herrikoia erakutsi nahi digute. Beren lanbidea, edertasuna eta ausardia elkarbanatu nahi dute herri osoarekin, adin eta maila guztietarako herritarrekin", hala aurkeztu digute Gure Zirkua bere sustatzaileek.

Iragarria dutenez, "Gure Zirkuan sinetsi ezin dena gozatuko dugu; eta karpa barruko giroa osatuko duten orekarekin, indarrarekin, arriskuarekin, trebetasunarekin eta pozarekin harrituko gara".

Sarrerak eta informazio gehiago, gurezirkua.eus atarian.