Egileak 30 urtez transmisioan lankidetzan eragiten jardundako bi sortzaile batu ditu; Usurbilgo Ixabel Agirresarobe eta Altza bizileku duen Iñaki Martiarena "Mattin". Aurreko sortzaileen omenez aurkeztu dute egitasmoa, uztarketen bidetik; Remigio eta Udarregi, kostaldekoa bat, barnekoa bestea, ura eta lurra uztarturik; biak sortzaileak... "Txulotik"-ek ere egileak uztartu, batu ditu. 30 urtez lankidetzan daramaten bi sortzaile, baten ahozkotasuna eta bigarrenaren iruditeria.
Uztarriaren irudi horren bueltan aurkeztu diete LH 5. mailako ikasleei goizean Sutegiko auditorioan egin duten ekitaldian. Bi egileak dakiten horretan uztartu ditu hitzorduak; Mattin marrazten eta Ixabel kontalari lanetan jardun da, hitza ahotan. Usurbilgo Udalak sormena sustatzeko duen dirulaguntza lerroak babesturiko proiektuaren iturburuaz mintzatu zaie Agirresarobe gaztetxoei. "Ni Usurbilen jaioa naiz, bizimodu osoa bertan pasa dut. Ume-umetatik Usurbilgo plazan bizi izan naiz, eta ordutik ikusten genuen Matistaeneako plaza txiki horretan, frontoiko ezker paretaren atzean, harri luze bat, gauza bat gainean zuena eta marra batzuk. Zenbat denbora pasatzen ote nuen hari begira eta marrak zenbatzen", oroitu du Ixabelek.
Marren esanahia ezagutu zuenean, hausnartzen hasi zen, "nola da posible idazketa bat hala asmatzea pertsona batek (Udarregik) eta hori ez gehiago argitara ematea, hor geratzea? Tristura sartzen zitzaidan, halako gauza handia iruditzen zitzaidan. Beti barrena bueltaka". Gerora hainbat saiakera egin izan dituela aitortu die gaztetxoei, "horren inguruan zer egin dezakedan". Bere egin nahia Mattinekin partekatu eta bideratu dute gaur aurkezturiko proiektua, ahoz adierazitako hitza idatziz irudiekin jaso dutena.
Ahozkoa idatziz uztartzea
Ahozkotasunari gorazarre egin nahi izan dio Ixabelek. Bere tartea emateko aldarria egin du, oraindik are ikusgarriago egiteko beharra plazaratu du bere lekukotzarekin. "Ahoz esaten denak garrantzia gehiago du, baina gizartean idatzitakoak garrantzia gehiago hartzen du. Niri gertatu zait, 30 urte paseak ahozkotasunean lanean buru-belarri, kale antzerkia egiten, ahozkotasuna bultzatzen, ipuinak kontatzen... Askok eta askok aintzakotzat hartu ez. Liburuak argitara ematen hasi ginenetik, duela pare bat urte edo, bapatean jendeak…. hara zorionak! Esanez bezala, zerbaitetan ari zara. Bai bai, 30 urte ez ditugu alferrik pasa horretan".
Ahozkotasuna goraipatu arren, ordea, ahozkoa gero idatziz jasotzeak duen garrantzia ere nabarmendu nahi izan du. "Nahigabe nire lana aurrera ateratzeko beti izan dut joera ahoz jaso izan diren istorioak kontatzekoa eta egia da idatzita daudelako iritsi zaizkidala niregana. Beraz, idatzizkoak ere garrantzia handia du niretzat. Baina ahoz jasotze horrek esan nahi du norbaitek memorian gorde zuela istorio hori eta eskerrak ondoan bazegoen norbait idatziz jasotzeko gaitasuna zuena". Ildo horretan, gaineratu duenez, "askotan ahozkotasunetik jaso ahala idatzitako horiek, nire ustez, bizitasuna mantentzen dute".
Bisita
Hortxe beste uztarketa bat, gaurko aurkezpenean eman den komunikazioa. "Guk bota eta zuek jasotzen ari zarete" adierazi die Mattinek LH 5. mailakoei. Uztarketa eman da lerrootan aipaturiko bi sortzaileon artean eta aurkeztu duten liburuko protagonisten artean ere bai. Honela definitu du uztarria "Txulotik" liburuan; "sortzaile parea lepotik elkartzen dituen porlanezko tresna, ideien ardatzari lotzen zaiona. Monolitoaren bidez, sortzaileek zama eraginkorrago tira dezake, eta horrez gain, Udarregi eta Mendibururen indarra elkar trabatu gabe konbinatzeko aukera eskaintzen duena. Hori da niretzat monolito hori, uztarriarekin lotuta zentzua eman diot", azaldu du Agirresarobek.
Ikastetxe bakoitzari ale bana eman eta ekitaldi amaieran, egitasmo honen "zero gunera", euripean zen Udarregiren omeneko Remigio Mendibururen eskulturara joan dira ikastetxeetako kideak eta "Txulotik" liburuaren egileak. Ekitaldi parte hartzailea izan da, egitamoaz jakinmina adierazi dute gaztetxoek. Artistek irudiaren eta hitzaren arteko jolasa baliatuta, aurkeztu dute labetik atera berria duten sorkuntza lana.