"Txulotik" liburuaren aurkezpena

Ixabel Agirresarobek eta Iñaki Martiarena "Mattinek" sorkuntza lan berria aurkeztu dute

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 20a, 13:21

Usurbili sormena dariola ezin ukatu. Gaurkoa dugu beste adibide bat. "Remigioren Udarregi txulotik" izeneko liburua aurkeztu dute gaur Potxoenean egileek, ahozkotasunean eragiten diharduen Ixabel Agirresarobe kontalariak eta Iñaki Martiarena "Mattin" ilustratzaileak. Haiekin zen Usurbilgo Udaleko alkate Agurtzane Solaberrieta Mesa, Udalak diruz lagundu du proiektua.

Argitalpen honek herriko txoko zehatz bat du abiapuntu. Hortxe, frontoiko ezker hormaz bestalde dagoen eskultura. Udarregiren omenez Remigio Mendiburuk ondu zuena. Bi sortzaileok elkartu, batu, uztartu dituzte hiru hamarkada luzez baita lankidetzan, elkarren lana uztartzen diharduten Agirresarobek eta Martiarenak. Batak hitza jarri dio sorkuntza lanari, besteak irudia. 

"Usurbildarra naiz. Monolitoari begira pasa dut eguna joan eta eguna etorri. Umetan begiratzen nion. Tarteka pasatzen nintzen eta jolasten nuen, begiratzen nion. Gerora hor bazela zerbait sumatu nuen", azaldu du Agirresarobek Potxoenean egin duten aurkezpen ekitaldian.

Zerbait hori zer zen argitu digu; "Udarregiren idazkera kontuan hartuta, hori nola atera kanpora, horri nola bizitza eman, bere idazkera baitzen lehen atentzioa deitzen zidana, umeetan ez nintzen konturatzen baina gerora bai. Mattini bidali nion ideia". Hura Ixabelen hitzei irudia jartzeko prest agertu zen. "Orduan bota zidan Remigio Mendibururen eskulturarekin bat egitearen ideia. Hortik uztartuta, Txulotik atera zaigu".

Sorkuntzaren lekukoa
Ixabelen proposamena jaso zuenean Mattinek argi ikusi zuen berehela, aipatu moduan, "uztartu behar zirela bai Remigio eta Udarregi". Haien bien nahiz liburu honen egileen uztarketa baten isla da gaur aurkeztu duten proiektua. "30 urte daramagu lankidetzan Ixabelek eta biok, transmisio lanean batipat. Gure ondare materiala eta ez materiala transmititzen ari gara, hori egin dugu goizean ikasleekin".

Labetik atera berri duten "produktu atsegina eta erakargarria egiten saiatu gara. Editoreak ere edizio lan garrantzitsua egin du. Begi onez ikusi zuen egitasmoa, planteamendua ere asko gustatu zitzaion". Bere irudiarekin batera dauden Ixabelen hitzak nabarmendu nahi izan ditu Mattinek, "Ixabelen ahozkotasun aberats eta hiztegi eder hori liburu honetan dago".

Testuinguru zailean sorkuntzan jardundakoak omendu nahi izan dituzte. "Ikaragarrizko lana egin zuten", aitortu nahi izan die Mattinek. Haien sokari tiraka heldu zaien lekukoa jaso dutela adierazi du. Lekukoa, makila, liburu honetako bi protagonistak uztarri beretik lotzen dituena. Batetik Udarregi. "Monolitoak uztartzen ditu Udarregi eta Remigio Mendiburu, baina ez monolitoak bakarrik, makilak ere bai. Udarregi bertsolariak ez zekien idazkera arrunta egiten, berak bere grafia propioa asmatu zuen. Memoria ikaragarria zuen gizon honek, arrasto bakoitza bertso bat zen. Bera kalera jaisten zenean, eskribauarengana joaten zen bertso horiek botatzera. Bertsoak makilan arrastoak egiten zituelako zekizkien", oroitu du gaurkoan Ixabelek.

Modu horretan, Udarregik "hitza plazara ekarri zuen, euskara plazara. Remigiok Korrikaren lekukoaren diseinua egin zuen".  Gaurkoan, Potxoeneko aurkezpenera gonbidatu dituzte baita Usurbilgo nahiz Gipuzkoako AEK-ko ordezkariak. Uztarketa beraz liburutik askoz haratago doa. Horri guztiari esker "bat egin dugu", Mattinen esanetan.


Sortzaileen bidelagun
Denonartean argitaletxeak plazaraturiko egitasmo hau kultur sorkuntzara bideraturiko Usurbilgo Udalaren dirulaguntza lerroak babestu eta bultzatu du, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak azaldu duen moduan. Hausnarketa prozesu baten emaitza izan zen laguntza lerro hau martxan jartzea. Arlo honetako ikuskizunetara bideratzen zituzten dirulaguntzak, "baina ez sormenerako. Aldiz, herria txikia izanagatik sormena badela ikusten genuen eta sustatu beharra zegoela, Udalak kultur sortzaileen bidelagun izan behar zuela, azkenean, sormenaz gain tokiko ekonomia sustatzen duelako". Bi urteetan deialdiak egin dituzte. "Lehenengoan proiektu asko aurkeztu ziren. Iaz lau", alkateak azaldu duenez. Lau lan horietako bat da hain zuzen gaurkoan aurkeztu dutena; "Remigioren Udarregi txulotik".