Magallanesek eta Elkanok lehen mundu bira osatu zuten duela bost mende. Zuk euskal lurraldean barrena osatu duzu zure ‘mundu bira’ partikularra, bizikleta lagun. Eta jasotakoak eta hausnartutakoak batu dituzu kronika liburu honetan. Hortaz, duela bostehun urtekoak nahiz gaur egungoak txirikordatu dituzu. Zure lana osatzerakoan, Elkanoren figura aitzakia bat baino ez da izan ala hori esatea gehiegitxo esatea al da?
Bai, hala da. Elkanoren figura aitzakia bat da liburu honetan. Lehen mundu biraren bosgarren mendeurrenean, Elkano Fundazioaren enkargu bat jaso nuen, eta nik kazetari lan bat eskaini nien. Atzerrian egin izan dudana –Bolivian edota Groenlandian–, etxean egin nahi nuen honakoan: bertako jendearekin hitz egin, historia irakurri, herria ezagutu, paisaiak ibili... Hori nire etxean egin nahi nuen, Euskal Herrian. Vuelta al país de Elkano Getarian hasi eta Getarian amaitzen da; bidaia honek orain bostehun urteko lehen mundu biraren historiari oihartzun egiten diolako.
Hortaz, zure ahalegina ez da Elkano eta Elkanoren garaira mugatzen.
Elkano pertsonaia interesgarria da, gutxi dakigulako eta bere inguruan bakoitzak nahi duen kontakizuna sortzen duelako, baina niri batez ere Elkanoren ingurunea interesatzen zait. Elkanoren herria interesatzen zait. Non jaio zen, nolakoa zen Getaria eta euskal kostalde hura orain 500 urte. Eta uste baino bidaiariagoa, irekiagoa eta globalagoa zen. Euskaldunak oso aspalditik egon dira munduko kultura askorekin harremanetan, eta horren oihartzuna ere ekarri nahi nuen liburura. Ez hori bakarrik. XXI. mendeko gure kezkak ere batu nahi nituen. Gaur egun, zeintzuk diren gure esplorazioak, gure bidaiak, gure ikerketak, gure kezkak, gure meritu eta pekatuak... Hori ere aztertu nahi nuen. Kontraste lana egiteko garaian, Elkanoren bidaia askotan erabiltzen dut liburuan: nolakoak ziren orduan, nolakoak garen gaur.
Maria Jesus Pando, Iñigo Marauri, Maria Pilar Rodriguez, Maria Gorosarri eta Mikel Reparaz, zure gremioko profesionalek osatutako epaimahaiak hautatu du zure liburua. Hau horrela izanik, are pozgarriagoa izango da sari bat eskuratzea, ezta?
Horrek poza handia ematen du, noski. Nik kazetaritza liburuak idazten ditut eta saiakera etiketarekin kazetaritza lanak ere kontuan hartzea estimatzekoa iruditzen zait. Potosí liburuarengatik ere Euskadi Saria eman zidaten 2017an eta, kasu hartan, kronika liburu bat izan zen. Oso urrun egina, munduaren beste puntan idatzia. Vuelta al país de Elkano liburua berriz, Euskal Herrian egina izan da. Eta poza bikoitza da. Argi geratu delako lan bat oso interesgarria izan daitekeela etxetik oso urruti edota etxean bertan idatzi izan bada. Aitorpen hau jasotzeak mezu hori indartzen du. Istorio on bat topatzea da inportantea, eta ez zenbat kilometrora idatzia izan den. Potosí (2017) eta Vuelta al país de Elkano (2023) oso liburu ezberdinak dira baina lan egiteko modua oso antzekoa izan da bietan. Kazetari ezjakin bat naiz gai batera hurbiltzen naizenean, eta oso argi daukat adituekin eta bizitza esperientzia interesantea izan duen jendearekin hitz egin behar dudala. Kasu honetan, izan zitezkeen historialariak, arkeologoak, sukaldariak, Ondarroako arrantzale afrikarrak edota Baionako idazle bat. Euskal Herriko panorama erakusteko baliogarriak izan zaizkit denak.
Elkanoren mundu biraren bos- garren mendeurrenaren harira, polemika piztu zen beste behin ere. Eta horrelakoetan, logika binarioa gailentzen da eztabai- da publikoan. Elkanoren aldekoak vs. Elkanoren kontrakoak. Zaila da hortik eskapatzea. Zuk ordea, pertsonaiatik haratago joan nahi izan duzu. Elkanori izkin egin gabe, orduko zein egungo gizartean erreparatu nahi izan duzula esan daiteke.
Elkanoren alde, Elkanoren kontra, eztabaida horiek oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Batzuetan ordea, oso manikeoak gara eta hor ez dago interesgarria zaidan ezer. Bakoitzak bere postura ideologikoa indartu nahi duenean, historia komeni zaion moduan bihurritzen du, eta hori ez zait interesatzen. Kazetari bezala, nire kezketako bat da konplikazioaren alde egitea. Bizitza oso konplikatua da eta ezin dira oso azalpen eskematikoak eman errealitatea ulertarazteko garaian. Kazetariok tematiak behar dugu izan: “Seguru al zaude hori benetan hain sinplea izan zela?”, “Euskaldunen historia hain erraza da kontatzen?”, “Euskarak eta euskal kulturak hemen isolatuta bizi izan garelako iraun dute gaur arte? Seguru hori benetan horrela izan zela?”... Historia arakatzen hasten zarenean, baieztapen batzuk ez dira hain argi azaltzen.
Atzera begira jartzen garenean gainera, topikoak eta mitoak sartzen dira jokoan.
Bai, eta topiko zein mito batzuei buelta ematea ere interesgarria dela deritzot, eta nik buelta eman nahi nien topikoei eta mitoei. Izenburuko ‘vuelta’ horrekin, itzuli geografiko eta historiko bat egin nahi nuen. Baina itzuli mental bat ere eman nahi nion gaiari. Buelta eta buelta eman tortillari. Eztabaidarako eta jolaserako ere bai, zeren batzuetan solemneegi jartzen gara eta gehiegi haserretzen gara.
Sari honek bultzada berri bat emango dio liburuari ala sariak ez du halako bultzadarik ekartzen berarekin? Potosí lanarengatik ere saritua izan zinen duela sei urte. Ordukoan, liburuak bigarren bizitza bat izan al zuen saria jaso eta gero?
Ez dut zalantzarik. Potosí liburuarekin ere ikusi nuen. Hura ez zen oso liburu komertziala, eta saria jaso zuenerako bere ibilbidea egina zuen. Baina Euskadi Saria jaso eta gero, salmenta areagotu egin zen eta hirugarren edizio bat plazaratu zuen argitaletxeak, kapitulu berri batekin plazaratu ere. Hazten jarraitu zuen liburu bat izan zen.
Vuelta al país de Elkano liburuaren bigarren edizioa ere agortzear da, eta oraintsu esan didate Euskadi Sariari esker hirugarren edizio bat plazaratuko dutela. Beraz, argi daukat. Sariak bizitza berri bat emango dio argitalpenari.
Liburu gehiago saltzeaz gain, hedabideek gehiago erreparatu dutelako liburuan eta irakurle taldeetatik ere hainbat gonbidapen jaso ditudalako. Usurbilgo solasaldia adibidez, aldez aurretik hitzartua genuen baina saria jaso eta gero beste irakurle talde batzuetara joateko deia jaso dut.
Usurbilgo udal liburutegian mimoz prestatzen dituzte solasaldiak eta irakurleek denbora askorekin izaten dute liburua eskuratu eta irakurtzeko aukera. Maiz aritzen zara irakurle taldeetan? Hala bada, gustura parte hartzen al duzu halakoetan?
Maiz egiten ditut eta nik asko eskertzen ditut. Batez ere irakurle jendea hurbiltzen denean. Oso deigarria egiten zait, oso solasaldi ezberdinak sortu daitezkeelako batean edo bestean. Kontuan izan liburu hau puzzle handi bat dela, mila pieza dituelako, eta zeinek helduko dion zein piezari, horrek asko baldintzatuko du solasaldia eta bide batetik edo bestetik eramango du. Ezin dut jakin nondik joango den Usurbilgoa baina hori ere polita da, eta aberasgarria.