"Ederra joan da egonaldia!"

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 21a, 18:33

Gure Zirkuak igandean amaitu zuen hiru asteko egonaldia Usurbilen. Gustura eta esker oneko agurtu da lan-taldea ondoko argazki hau kaleratzearekin batera. Laster itzultzekoak direla iragarri dute.

Pozarren agurtu dute seigarren bira. Usurbil hautatu du Gure Zirkuak aurtengo bira arrakastatsua agurtzeko. Azaroaren 3an hasi eta 18ra arte hamabi emanaldi programatu zituzten hasieran. Harrera ezinhobea izan eta ziklo horri beste bi emanaldi eranstea erabaki zuten igandean, azaroaren 19an.

Emanaldi gehienetarako sarrerak eskuragarri jarri orduko, bizi asko agortzen joan ziren. Ikuskizunak goraino bete zituzten, baina ezer ez da betiko izaten eta Gure Zirkuak bere seigarren denboraldiko bira agurtu berri du Urbil merkatal guneko aparkalekuan, taldeak atera duen albiste honi atxikia duzuen argazkiarekin. 

"Ederra joan da egonaldia!", adierazi dute, Gure Zirkura joandakoak eskertzearekin batera. Agurtu dute seigarren bira, baina adi, "oraingoz!", ez behin betiko alegia. Iragarri dutenez, "gabonetan, Tolosan!" izango dira. Sarrerak azaroaren 27tik aurrera jarriko dituzte salgai gurezirkua.eus atarian.

Gure Zirkua
Harrera jendetsua izan ohi du, Gure Zirkuak bisitatu dituen Euskal Herriko txokoetan. "Nortasun berezi, xelebre eta irribarretsua duten artistez osatutako konpainiak ezinezkoarekin jolas egin asmo du, eta beren ametsetako ikuskizuna eskaini. Beren arte eskuzabal eta herrikoia erakutsi nahi digute. Beren lanbidea, edertasuna eta ausardia elkarbanatu nahi dute herri osoarekin, adin eta maila guztietarako herritarrekin", hala aurkeztu digute Gure Zirkua bere sustatzaileek.

Iragarria dutenez, "Gure Zirkuan sinetsi ezin dena gozatuko dugu; eta karpa barruko giroa osatuko duten orekarekin, indarrarekin, arriskuarekin, trebetasunarekin eta pozarekin harrituko gara".