Musikarien Eguna

Musika kalera, Santa Zeziliren omenez

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 21a, 18:53

Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak antolaturiko "Musikalean" ekimenarekin bat egingo du Zumartek etzi, azaroaren 23an.

Santa Zezili edo musikarien zaindariaren eguna izango da asteazken hau, azaroaren 22a. Usurbilen musika aipatu eta ezin ahaztu Zumarte. Musika Eskolak urtero ospatzen du egun hau, aurten biharamunean egingo dio gorazarre. Eta ez Zumartek soilik, baita Euskal Herriko beste hainbat eskolek ere. Izan ere, "Musikalean" ekimenarekin bat egingo dute aste osoan zehar Euskal Herriko 52 musika eskoletako 2.900 ikasleek eta irakasleek baino gehiagok, tartean Usurbilgoek.

Hamaseigarrenez antolatu du ekimen hau Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak. Zumartek, aipatu moduan bat egin du hitzordu honekin eta urtero hutsik egiten ez duten bi ekitaldi antolatu ditu etzi, hilaren 23an. Lehenbizi, musika herri erdigunean zehar hedatuko duen kalejira. Segidan, kontzertua Sutegiko auditorioan.

Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartetik aditzera eman dutenez, "aukera hau baliatu nahi dugu euskal emakume konpositoreei omenaldia egiteko".

 
"Musikalean"
Azaroak 23, osteguna
18:00
Kalejira: “Musikalean” kalejira egingo da talde instrumentalarekin.
19:00 Kontzertua Sutegiko auditoriumean instrumentu eta talde desberdinekin.
Sarrera: doan.

Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.