Azaroaren 26an

Haurrentzako negu parteko zine zikloa bueltan

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 21a, 18:07

Bueltan dator Usurbilgo Udalak eta Ziortza gazte elkarteak antolaturiko negu parteko zine zikloa etxeko txikienentzat. 

Udazkenean gara ofizialki, baina azken orduotako negu giro beteko egun honetarako eta antzekoetarako plan ezin aproposagoa dakarkizuegu lerrootan haur eta gaztetxoentzat. Sutegiko auditoriora jaitsi eta areto goxo horretako besaulkietan eroso asko eserita, euskarazko film ederrak ikustea. Horretaz arduratzen dira aspaldidanik Usurbilgo Udala eta Ziortza gazte elkartea. Urtero, azaroa aldera hasi eta martxora bitarte hilero geure hizkuntzan, animaziozko film bat proiektatzen dute Sutegin, gehienetan hileko lehen igandeetan.

Aurtengoan, momentuz, ez da hala izango. Izan ere, itzulerarako estreinaldi eguna igande honetarako, azaroaren 26rako finkatu dute. "Hopper, oilasko erbia" programatu dute, ohi bezala 17:00etan. Sarrerak usurbilkultura.eus plataforman eskuratu ahalko dituzue 3 euroren truke.

Haurrentzako zinea: "Hopper, oilasko erbia"
Eguna: azaroak 26, igandea.
Ordua: 17:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sinopsia: "Hopperren, Pedro erregearen seme adoptatuaren istorioa kontatzen du. Erdi oilasko eta erdi erbi jaio zen abenturazale ospetsua. Ezberdintasunak alde batera utzita onartua izateko irrikaz, Hopper abentura zirraragarri batean murgilduko da bere zerbitzari leial Abe dortoka sarkastikoarekin eta Meg borroka-arteetan aditua den mofeta ausartarekin batera, Iluntasunaren Hamsterra izenez ezagutzen den erlikia gutiziatuaren bila. Hirurek erronka handi bati egin behar diote aurre, Lapin baino lehenago iritsi behar dutelako, duela gutxi kartzelatik ihes egin duen bilau bat, erresumako bakea mehatxatzen duena".

Sarrera: 3 euro, aurrez usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: Ziortza Gazte Elkartea eta Usurbilgo Udala.