Euri-jasa artean azken orduotan

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 21a, 19:36

Usurbildik gertuen, Euskalmet-ek Lasarten duen estazioan metro karratuko ia 42 litro bildu ditu azken 24 orduotan. 

Euria bota eta bota ari du azken orduotan. Tartean, etenaldiak egon arren, euri-jasa galantak izaten ari gara azken orduotan. Ur putzuak nonahi, errepideetan kontu handiagoz gidatu beharra. Euskalmet meteorologia agentziak Usurbildik gertuen, Lasarten duen estazioan uneoro biltzen dituen datu berrienen arabera, metro karratuko ia 42 litro pilatu dira bertan azken 24 orduotan. 

Maila horira gerturatu da Oriak daraman ur-emaria, astearte arratsalde honetan, ondoko grafikoan ikus dezakezuen moduan:


Iragarpena
Datozen orduotan gogotik egingo du euria eta hala segiko dugu asteazken iluntzera arte. Bihar, azaroak 22, hain zuzen, "zerua oso hodeitsu egongo da eta gauetik aurrera hodeiak gutxitu egingo dira. Euri txikia egingo du, egunaren lehengo partean zenbait lekutan ertaina. Gauean zehar atertuz joango da. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira, eta egunaren azken orduetan neurtuko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".

Giro argiagoa izango dugu ostegunean. "Goizaldean eta goizean goiz zerua tarteka hodeitsu agertuko da eta eguerdi parterako hodei gutxirekin edo partez hodeitsu geldituz joango da. Gauean hodeiak ugarituz joango dira. Ipar/ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoak nahikoa jaitsiko dira eta maximoetan aldaketarik ez".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso ahalko duzue.