Asteazken eguerdi honetan, astero moduan, NOAUA! aldizkariaz gain, beste bisita bat izan dugu kultur elkarteko egoitzan; Errigorako kaxak heldu dira. Udazken honetan bideratu duten "Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka" kanpainaren hamargarren urtemugaren baitan 66 kaxa eskatu zenituzten guztira. Haiek guztiak NOAUA!ren egoitzan dira jada.
Bihartik aurrera, astelehenetik ostiralera, 14:30ak baino lehen etor zaitezkete kultur elkarte honetara kaxak jasotzera. Bestela, arratsaldez bulegora etorri ahal duzuenok aurrez deitzea eskertuko genizueke. Honatx telefono zenbakia: 943 360 321.
Laguntzaren laurdena euskalgintzara
Aurtengo urtemuga berezidun kanpainan, kaxa bakarra zegoen aukeran. Barruan, "23 ekoizleren 9 produktu ekologiko eta konbentzionalak nahasian". Gogoan izan, erositako kaxa bakoitzetik, "saski bakoitzaren %25 euskalgintzara bideratzen da", ohartarazi dute beste behin Errigoratik. "Ekarpen hori ezinbestekoa da zonaldeko ikastolentzat eta AEK-ren euskaltegientzat, baita sare publikoan D eredua sustatzeko dinamikentzat ere".
Erositako kaxa bakoitzetik, "saski bakoitzaren %25 euskalgintzara bideratzen da", ohartarazi dute beste behin Errigoratik. "Ekarpen hori ezinbestekoa da zonaldeko ikastolentzat eta AEK-ren euskaltegientzat, baita sare publikoan D eredua sustatzeko dinamikentzat ere".
Errigoraren hamargarren urtemugako kanpainaren harira honako balantzea egin dute sustatzaileek:
10 urteko argazki erraldoia berrosatu dugu
Atzera begira, 10 urteok utzi diguten argazkia berrosatzeko deialdi bezala aurkeztu genuen aurtengo kanpainak eman du berea: Argazki bete-betea osatu dugu ekoizle, euskaltzale, auzolangile eta milaka kontsumitzailerekin. 14.000tik gora saski iritsiko dira hurrengo egunetan beste hainbeste etxeetara eta Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzara 185.000 euroko ekarpena. Honenbestez, 10 urteko kanpainei esker, 2 milioi eurora iritsi da euskalgintzari eginiko emana.
Buñuelen, kutxaz betetako kamioiak atzean, Errigoraren komunitatearen beste argazki bat osatzeko elkartu gara hamarnaka lagun. Hemen gaude Erriberako euskaltzale, auzolangile eta ekoizleak, zorion eta esker on mezuari aurpegiak gehitzeko.
Urriaren 20an udazkeneroko “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” kanpainari hasiera ematean, Errigoraren 10 urte bete-bete ospatzeko gonbidapenaz gain, saskiak eskatzeko deia zabaldu genuen. Zera genion zehazki: Argazki bete-betea berrosatuko dugu. 10 urte betetzen ditugun honetan, udazkeneko kanpainan, Errigoraren argazki erraldoia, bete-betea, (ber)osatu dezagun. Garenak, izan garenak eta izan nahi dugun guztiak batu nahi ditugu.
Bada Errigoraren egiteko moduari segituta, gaur arteko egunetan eskuz- esku eta ahoz aho ibili da kanpaina. Aurtengo kanpaina honek horrela, Errigoraren 10 urte bete-beteen adierazgarri diren hamaika argazki utzi ditu:
•14.000 saski saldu dira aurtengo edizioan.
•Hainbat ikastola, eskola, euskaltegi eta ekoiztetxetan gero kutxetan sartu ditugun esker on postalak idazten aritu gara.
•Ablitasen lehenik eta gero Durangon Errigorako ehunka boluntariok kutxak muntatu eta paleetan atondu ditugu auzolanean.
•Bilboko AEK-ren euskaltegietan Pituxa klown-aren emanaldiak izan ditugu gelaz-gela; Zangotzako ikastolan guraso, irakasle eta ikasleen aurkezpen jaia izan genuen; Lesakako eskolan ere aurkezpen xume bat,...
•Kanpaina bezperatan, Agerraldiaren eskutik, Tafallan, Gure Zirkua izan genuen eta aurtengo dozenaka ludoteken aurkezpena Ager Txiki egunean.
•Eta batez ere, Errigorako boluntarioak, sarekide izendatu ohi ditugunak, dozenaka ekimen xume antolatu ditugu herriz-herri: Markinan, Iruñeko Donibane auzoan, Beasainen, Baionan, Gasteizen,... Argazki horiek guztiak, Errigoraren komunitateaz gain, komunitate hori saretu eta emozionatzen duten balioak islatu dituzte beste behin ere: •Zubigintza: Pertsona, lurralde eta ideia desberdinen bat egitea.
•Ekintza: Hitzetan baino egiten dugunean aurkitzea sinesgarritasuna. •Ahalduntzea: Txikitasunetik amets handia eskuratzeko gaitasuna badugula ikustea.
Aipatutako kanpaina hasierako prentsaurreko hartan, Mila Kintanaren (Hernaniko Errigoraren saski eskatzaile fidela) desioa ondokoa izan zen: “Nik aurten berriro eskatuko dut deia eta nahiko nuke inoiz eskatu duten guztiek berriro eskatzea”. Guztiek ez dute eskatu eta desioa ez da guztiz bete, baina nabarmena izan da berriro saskia eskatzera bildu den lagun kopurua.
Horri esker, besteak beste, hara aurtengo uzta zenbakitan:
•14.000tik gora saski.
•Ager eremuko Aek; Tutera, Lodosa eta Vianako ikastolak eta eskoletako D ereduko lerroak eta Agerraldia bultzatzeko 185.000 euro.
•Guztira, 10 urteotan, udazkenetako kanpainek sortutako diru ekarpena euskalgintzarako: 2 milioi euro.
Bete-betea izan da aurtengo Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka. Zorionak eta eskerrak Errigoraren parte garen/zareten/diren orori!