Ate joka dugu Usurbilen ere, Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako zaintza eskubide kolektiboaren alde deitu duen greba feminista orokorra. Deialdia herriratuko duena Usurbilen sortu den Asanblada Mistoa izango da. Hainbat ekimen iragarri ditu hilaren 30erako, baina aldez aurretik, hitzordua gizarteratzeko abiarazi duen ekimenetako bat dugu lerrootan mintzagai.
Zaintzari buruzko galdetegi bat prestatu eta plazaratu du egunotan. Herritarrei huraxe osatu eta azaroaren 26a baino lehen erantzundako galdetegi hau bidaltza eskatu dute. Segidan duzuen QR kodearen bidez barnera zaitezkete galdetegi horretan, bestela, esteka honen bidez ere bai: "Zaintza lanak"
"Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrari begira egingo den ekimen honen bitartez, zaintzaren inguruko errealitate desberdinak ikusarazi nahi dira. Galdetegi honetan, ezkutukoak diren zaintzaren inguruko errealitateak jasoko dira, ondoren, herri mailan mahaigaineratzeko", azaldu dute Usurbilgo Asanblada Mistotik.
Zaintza hizpide izango duen solasaldirako
Hain zuzen, greba egunerako zenbait ekimen antolatu dituzte Usurbilen bertan; hasteko, goizeko 10:00etan hasita frontoian, "zaintza publiko komunitarioaren eraikuntza" solasaldia. Bertan, izenburuak dioen moduan, gai horri buruz hausnartuko dute. Besteak beste, Usurbil gai honetan jorratzen ari den bidea izango dute mintzagai antolatzaileek gonbidatu dituzten hizlariek. "Haiek azalduko digute zer den zaintza komunitarioa eta nola esparru asko eraldatzeko beharra dugun, errotikako eraldaketa behar dugulako".
Zaintza lanen herri argazkia, errealitatea plazaratu nahi dute eta horregatik, galdetegi honetan jasotako erantzunek ere berebiziko garrantzia izango dute. Saioan partekatu asmo dituzte. "Testigantza eta iritzien anonimotasuna zaintzeko, izenak saihestuko dira kanpora begira egingo diren helarazpenetan. Hori ulertuta, aldez aurretik eskerrak zaintzaren auzia herrira plazaratzen laguntzeagatik", ohartarazi du Usurbilgo Asanblada Mistoak.
Greba feminista orokorra
Azaroak 30, osteguna
08:00 Esnadeia.
10:00 “Zaintza publiko komunitarioaren eraikuntza” solasaldia frontoian.
13:00 Manifestazioa herriko kaleetan barrena.
Ondoren, tuper bazkaria frontoian, norberak nahi duena etxetik eramanda.
Arratsaldean, manifestazioak Hernanin eta Donostian (18:00etan Antiguako tuneletik).
Antolatzailea: Usurbilgo Asanblada Mistoa.