Bizi asko dabil Hurbilago Usurbilgo merkatarien eta ostalarien elkartea. Urrian, herriko denden itxiera tarteko, geure kontsumo ohiturez ohartarazi zuen "Erosle Txikien Iraultza" ekimenaren ondotik, "Ordaindu 20 eta eskuratu 30" deskontu bonuak herritarren esku jarri ditu gertuago.eus atarian. Aldarriak ongi asko adierazten duen moduan, 10 euroko deskontu bonuak eskura daitezke online aipatu webgune horretan, abenduaren 2ra arte.
Gehienez ere pertsona bakoitzak hiru bonu eskuratu ahalko ditu, guztira, beraz, 30 euroko deskontua izango du herrian erostearen truke. Bertan eskuratu eta Hurbilagoren kide diren saltoki hauetan xahutu ahalko dituzue:
1- Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba.
2- Ane Ile-apaindegia.
3- Arruti Harategia.
4- Enar Estetika.
5- Esnaola Janari-denda.
6- N.I. Ile-apaindegia.
7- Intza Ile-apaindegia.
8- Iratze natur-denda.
9- Laurok Liburu-denda.
10- Lizardi Liburu-denda.
11- Lurda Mertzeria.
12- Otar-goxo.
13- Usurbil Optika.
Azokaren atarian
Urte amaiera honetan, egitasmo gehiago ere baditu Hurbilago elkarteak. Besteak beste, abenduaren 3rako azoka prestatzen ari da azken urteotan bezala. Jatekoa edota artisau nahiz produktu ezberdindun postuetan barrena osteratxoa egin ahalko duzue, baita erosketak egin ere. Egun horretan, aurkeztuko dute, gainera, 650 Usurbil Bizi otarra; herri ekoizpenaz (lehen sektorekoak nahiz zerbitzuetakoak edota kultur sorkuntzari lotutako produktuekin) eder hornitutako saskiok abenduaren 31n zozketatuko dituzte, aurreko asteetan, abenduan zehar, herriko dendetan erosketak egingo dituztenen artean.