#A30

Zaintza duintzeko greba feminista orokorra astebete barru

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 23a, 12:58

Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako zaintza eskubide kolektiboaren alde deitutako greba egunarekin bat egingo du udalerri honek. Usurbilen osatu den asanblada mistoa prestaketa lanetan murgildua dabil egunotan.

Denok dugu zaindu eta zainduak izateko beharra. Denon eskubidea eta "denon ardura da" ere. Zaintza eskubide kolektiboa defendatu eta gauzatze bidean mugarri garrantzitsu bat finkatu nahi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitua duen greba orokor feministarekin. Mugimendu honek abiarazi zuen prozesura batu dira Euskal Herriko beste hainbat eragile. Zaintza eredu komunitario, publiko eta duina eraikitzeko bidea denon artean jorratu beharrekoa dela ikusita, prozesua misto bilakatu zuten eta herri zein auzoetara zabaltzen hasi ziren. Usurbilen, maiatzean biltzen hasi zen emakume talde bat Kafe Tertulia Neska* Gazteen Talde Feministak deituta. Prozesua gizarteko sektore guztietara hedatzen joan ahala, gainerako udalerrietan bezala, hemen ere Usurbilgo Asanblada Mistoa osatu dute. "Hortik aurrera, antolakuntza lanetan aritu gara, informatu eta grebara bitarte zer prestatu nahi dugun erabakitzen", aipatu asanbladatik NOAUA!ri berri eman diotenez.

Lehentasunezko gaia
Prestaketa lan hauetara batu ziren, gogoan izan, urrian Usurbilen Euskal Herriko Neska* Gazteek antolaturiko Baterajotzean bildutako ehunka lagunek. Bertan, greba honi tartea egin zioten solasaldi baten bidez. Usurbilgo Asanblada Mistotik azaldu digutenez, "Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideek azaldu ziguten 2020ko itxialdiak gure bizitzako esparru guztietan, baita militantzian ere izan zuen eragina". Hor, mugimendua bera antolatu eta berriz aktibatzeko beharra ikusi zuten, "beste norabide bat behar zuela" eta lehendik, "lantzen ari ginen zaintzen gaia urgentziaz mahai gainean jarri behar zela ikusi zen, presazkoa zelako langileen lan baldintzak hobetzea, eta baita ere urgentea zelako egitura errotik aldatzea, ardurak banatzea, hausnartzea, lan horren guztiaren beharra eta balioa ikusaraztea, marko hau benetan hausnartzea eta agenda politikoan sartzea".

Zaintza lanen errealitatea plazara
Izan ere, 2020ko osasun krisialdiaren aurretik izandako bizpahiru urteetako Martxoaren 8ko mobilizazioak gogoan izango dituzue, aurrekaririk gabeko mugimendua plazaratu zuten, eta harekin galdera bat; zer gertatuko litzatekeen, garai hartan egin ziren greba feministetan argi geratu zen moduan, mundu osoko emakumeak geratuz gero, besteak beste, zaintza lanetan. Horregatik, ardura hauek sostengatzen dituztenen errealitatea plazaratu nahi dute azaroaren 30ean. "Zer baldintzetan dauden, bizitza sostengatzen duen lan honek zergatik duen aurpegi femeninoa, arrazializatua, prekarioa eta zergatik den ikusezina. Zergatik dagoen, gainera, geroz eta merkantilizatuagoa, zeinen gainean ari garen gure bizitzak sostengatzen. Geure bizitzekin jarraitu ahal izateko zaintza lan hauen hutsunea beste batzuk betetzen dute. Gure bizitza duintzen jarraitzeko beste batzuena zapaltzen dugu". 

Denek ezin greba egin
Nork bere bizimoduari begira jartzeko baliatu nahi da greba egun hau. "Gure etxean zein den ardura banaketa, geure bizitzak zeinen gainean sostengatzen ditugun eta zer eragin duen pertsona batzuengan zama horrek", oroitarazi du Usurbilgo Asanblada Mistoak. Hau dena islatu nahi dute ezohikoa izango den datorren greba feminista orokorrean. Izan ere, denek ezingo baitute deialdi honetan parte hartu. Denek ez dute greba eskubidea bermatua izango; hain zuzen, zaintza lanez arduratzen diren askok eta askok eguneroko betebeharrei eutsi beharko diete, besteen bizitzak sostengatzen segiko dute hilaren 30ean ere. Greba honek hain zuzen, errealitate hau, hutsune hau irudikatuko du baita. "Geure asanblada mistoan ere ez gara ordezkaritza erreal bat izatera iritsi. Gai honetan lehen lerroan daudenen ordezkaritza izatera ez gara heldu. Hain garrantzitsua den haien hitza beste bide batzuetatik jasotzen ari gara eta horretarako, ahaleginak egiten ari gara". Hortxe proposatzen digute, beraz, greba honekin bat egiteko beste arrazoi bat. "Ezin dutenen haiengatik gorputza jarri eta greba egiteko deia" egin dute Usurbilgo Asanblada Mistotik. Ildo horretan, gogorarazi dutenez, "geure ardura da zaintza eredu komunitarioa eraikitzeko bidean, gure aletxoa jartzea, denon bizitzak duintasunez sostengatuko dituena". 

Grebarako prestatzen 
Hilabete hasieran Potxoenean egin zuten bileran, greba honi buruzko azalpenak emateaz gain, hausnarketarako baliatu zuten. "Gustura aritu ginen gaiaz hitz egiten. Adin ezberdinetako emakume eta gizonezkoak elkartu ginen. Baliagarria izan zen gaia mahai gainean jarri eta bakoitzaren esperientzia zein ezagutzatik hausnartzeko", aipatu asanbladatik aditzera eman dutenez. 

Batetik, greba nola irudikatzen zuten, horri buruz hitza hartzeko aukera izan zuten bertara joandakoek. Hala, mobilizazio eta salaketa egun hau, herriratzeko beharra nabarmendu zuten, zer nolako zaintza sistema nahi dugun plazaratzekoa. Zaintzak bizitzako esparru guztiak zeharkatzen dituela ikusaraztea, zaintzaren ulerkeran sakontzea, zaintza ekosistema horretako parte direnen errealitatea ezagutaraztea proposatu zuten. Greba honetan ere gizonezkoak interpelatzea, agerturiko beste gaietako bat izan zen, baita Usurbil alor honetan egiten ari den bidea ikusaraztea ere. 

Izan ere, prozesu bati buruz ari gara. "Badira urte batzuk jende asko lanean dabilenetik prozesu honetan eta jarraipena eman nahi zaio. Aldaketa ez da egun batetik bestera helduko, baina ezinbestekoa da. Bide horretan, mugarri gehiago jartzea litzateke greba honen helburua".