Zaintza eskubide kolektiboaren alde, Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitua duen greba orokorrera begirako beste ekarpen bat. Euskal Herriko alor edo sektore ezberdinetako herri eragileek lankidetzan osatu duten Herri Akordioa, urriaren 7an Hernanin aurkeztu zutena. Akordio honek biltzen ditu, astebete barru egingo den greba orokor feministan kaleratuko diren aldarriak.
Akordio honen bidez, hain zuzen, "zaintza eskubide unibertsal bezala aitortzeko eskaera egin eta zaintza sistema publiko-komunitario berri baten beharra plazaratu nahi dugu. Baita ere, egungo zaintza erregimen sostengaitzaren irakurketa konpartitu bat egin".
Herri Akordio honen bueltan elkartu diren askotariko herri eragileen adostasun zabalaren isla da "Greba Feminista Orokorra Euskal Herriko Mugimendu Feministatik abiatu eta herri mugimendu, sektore eta eragile gehiagorekin elkarlanean josten ari garen prozesua".
Jorratzen ari diren bidearekin, "zaintza lanen egungo antolamendu soziala eraldatu nahi dugu, eta horrek dakar bi planotan pentsatzea eta aldaketak eragitea. Alde batetik, premiei erantzutea, hau da, egun, prekarioen eta kolapsatuen dauden egoerei aurre egitea. Bestetik, epe luzera begiratzea eta bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat imajinatzea eta definitzea, sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gaindituko dituena".
Honatx zaintza sistema eraldatu, guztion bizitzak, tartean zaintza langileena, duintzeko plazaratu dituzten aldarrien zerrenda:
Zaintzarako Herri Akordioa
Zaintza sistema publikoaren alde
• Zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea.
• Zaintza zerbitzuen pribatizazioarekin amaitzea.
• Zaintza sistema publikoa indartzea eta garatzea.
• Etxez etxeko zerbitzua indartzea eta garatzea.
• Zaintza lanak transbersalki lantzea: hezkuntzan, osasungintzan eta lan eremuan, besteak beste.
• Familia nuklearretik at, zaintzeko baimenak zabaltzea eta handitzea: loturagramak.
Bizitza duinen alde
• Lan jarduna murriztu soldata murriztu gabe: zaintzeko denborak bermatzea.
• Gizonak interpelatzea, ez zaintzearen pribilegioari uko egin diezaioten eta zaintza lanetan ardura har dezaten.
• Atzerritartasun legea bertan behera uztea, eta bitartean, zaintza langile guztiak erregularizatzea.
• Erroldatzeko eskubidea guztiontzat eskuragarri izatea.
• Etxebizitza eskubidea bermatzea: merkatuan esku hartzea.
• Agroekologia babestea eta sustatzea.
• Denontzako pentsio duinak ezartzea: 1080 eurokoak gutxienez.
Zaintza langileen baldintza duinen alde
• Etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea.
• Etxeko langileak lan-erregimen orokorrean sartzea: Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena bere osotasunean berrestea.
• Zaintza sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea.
• Etxeko langileei gutxieneko soldatatik gorako lansaria ezartzea.
• Zaintzaileei laguntzeko sareak sortzea.