#A30

Azaroaren 30a, hausnarketarako eta mobilizatzeko eguna Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 23a, 13:27

Azaroaren 30eko greba feminista orokorra udalerri honetan osatu den Usurbilgo Asanblada Mistoak herriratuko du. Denon eskubide eta erantzukizuneko gaia den zaintzaz hausnartu eta mobilizatzera deitu gaituzte. 

Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba orokor eta feminista ate joka dugu. Azaroaren 30erako gai honen bueltan dugun eskubide eta erantzukizunagatik guztiok geratzera interpelatu gaitu Euskal Herriko Mugimendu Feministak. 

Usurbilen ere nabarmenduko da greba eguna eta horren atariko egunok ere. Herrian berriki osaturiko Usurbilgo Asanblada Mistoak bi fasetan banatu du greba honen lanketa udalerrian. Batetik, azaroaren 30era bitarte gizarteratze lanetan jardungo da. Aldarridun euskarriez beteko ditu herriko kaleak, eta adi, baita etxe atariak ere. Segidan datorren QR kodea duten orriak izango dituzue zuetako baten baino gehiagoren etxeko portalean. QR horien bidez, greba honek auzitan jarriko duen zaintzen gaiari buruzko galdetegi batera sartzeko aukera izango duzue. Galdetegi hau osatzeko deia egin dute Usurbilgo Asanblada Mistotik. Segidan duzuen QR kodearen bidez barnera zaitezkete galdetegi horretan, bestela, esteka honen bidez ere bai: "Zaintza lanak"

Hausnarketarako tartea
Modu horretan, gai honen bueltan herrian dagoen errealitatea marraztu nahi dute eta lekukotzak bildu. Horretarako, baliatuko duten bideetako bat da galdetegi hau, "helburua izanik nagusienengana eta enplegupean zaintza lanetan dabiltzan pertsonengana heltzea". Jasotako erantzunak greba egunean goiz parterako iragarri duten "zaintza publiko komunitarioaren eraikuntza" izeneko solasaldian tratatuko dira. Bertan, izenburuak dioen moduan, gai horri buruz hausnartuko dute. Besteak beste, Usurbil gai honetan jorratzen ari den bidea izango dute mintzagai antolatzaileek gonbidatu dituzten hizlariek. "Haiek azalduko digute zer den zaintza komunitarioa eta nola esparru asko eraldatzeko beharra dugun, errotikako eraldaketa behar dugulako". Hitzordu honen bidez, greba eguna bera herrian ikusarazi nahi dute herri erdiguneko erreferentziazko espazio hau hartuta, eta denek ezingo dutela egon ere bistaratu nahi dute. Izan ere, zaintza lanetan dabiltzan batek baino gehiagok ez du izango greba eskubiderik ere. QR bidezko galdetegiekin hain zuzen, bereziki haiengana, haien hitza biltzen saiatu nahi du Usurbilgo Asanblada Mistoak.

Hausnarketarako tartearen ostean, herri mailako mobilizazioa egingo da, segidan bazkaria eta arratsaldean hiriburu nahiz eskualde mailan antolatu diren manifestazioetara joateko deia egin dute.

Greba orokor feminista

Azaroaren 26ra arte
QR kodearen bidez zaintzaren gaiari buruzko galdetegiak bete eta helarazteko epea, igande gau horretara arte.

Azaroak 30, osteguna
08:00 Esnadeia.
10:00 “Zaintza publiko komunitarioaren eraikuntza” solasaldia frontoian.
13:00 Manifestazioa herriko kaleetan barrena.
Ondoren, tuper bazkaria frontoian, norberak nahi duena etxetik eramanda.
Arratsaldean, manifestazioak Hernanin eta Donostian (18:00etan Antiguako tuneletik).

Antolatzailea: Usurbilgo Asanblada Mistoa.