"Musikalean"

Musikaz blaituriko kalejiran irten dira Zumartekoak

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 23a, 20:20

"Musikalean" ekimenaren baitan, kalejirarekin girotu dute Zumarte musika eskolakoek herri erdigunea ostegun iluntze honetan.

Atzo izan zen Santa Zezili, musikarien eguna, Usurbilen, besteak beste, Zumartekoentzat egun seinalatua noski. Biharamun honetan ospatu dute urteroko "Musikalean" ekimenarekin. "Musikalean" Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak antolaturiko hitzordua duzue. Hamaseigarren edizioa da aurtengoa eta ekimenarekin bat egin dute Euskal Herriko 52 musika eskoletako 2.900 ikasleek eta irakasleek baino gehiagok, tartean, aipatu moduan, Usurbilgoek.  

Ostegun iluntze honetan, lehenbizi kalejiran irten dira herriko kaleetan barrena. Zumarten hasi eta amaitu duten hitzordu ibiltariak, udaletxe parea, frontoia, Askatasuna plaza, Artzabal eta Mikel Laboa plazatik barrena frontoia zeharkatu ditu. Musikaz blaitu dituzte herriko txoko guztiok.