22. edizioa

Erle Eguna bueltan igande honetan

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 24a, 09:48

Erle Lagunak taldeko kideek antolaturiko urteko hitzordu gozoena bueltan dator etzi, lau urteko etenaldiaren ostean.

Hamaika osagai izango ditu ate joka dugun 22. Erle Egunak eta mezu argi bat; erleak geure ingurumenarentzat gakoa duen zeregina ezagutarazi eta bera zaintzeko dagoen beharra. "Aurtengoan erleak duen garrantziaz aipamen berezia egin nahi dugu", Erle Lagunak taldetik aditzera eman digutenez. Animalia honek isilpean egiten duen lana aitortu eta haien onurak ikusgarri egin nahi dituzte. "Inoiz baino babes gehiago behar du erakundeetatik eta jendartearen kontzientziatik", nabarmendu digute. Horren isla izan nahi dute antolatzaileen esanetan, iragarri dituzten ekimenek.  

Erleen onurak
Azoka edota txapelketekin batera, berrikuntzekin itzuliko dira aurtengoan. Langile isil baina ezin eskuzabalagoa den erlea bizimodu osasuntsuagoa izateko nola baliatzen duten ikusi eta probatzeko aukera izango dugu, animaliatxo hau ardatz duten terapietara gerturatzekoa azaroaren 26an Potxoenean; besteak beste, eztidun masajeak edota erleen ziztadak ongarri gisa erabiltzen dituztenak. Kontsulta eskainiko dutenen artean herrikide bat egongo da bertan, Angel Jimenez. Masajista eta apiterapeuta da. Erleen ziztadak ongarri gisa baliatzen ditu; esaterako, artitritisak eragindako sintomak arintzen laguntzeko. Berak hazitako erleak baliatzen ditu horretarako. "29 erlauntza ditut eta hortik hartzen noa pixkanaka" terapia saioetarako baliatzen dituen erleak. Hilaren 26an Potxoeneara joateko gonbita egin du NOAUA! bidez. "Zerbait egin ahal dugun ikustera etor daitezela. Doakoa izango da". Natura bera ongarri gisa baliatzen duten terapia hauetara gerturatu nahi duenak hitzordua eskatzeko aukera du aurrez, Erle Lagunekoei helbide honetara idatzita; erlelagunak4@gmail.com

Gozogintza lehiaketa
Terapiekin batera, azokarik gozoenean barneratzeko aukera izango dugu. Erakusketa ezberdinekin batera, lehiaketek ere tartea izango dute noski. Euskal Herri mailakoa den jaialdi bakar honetako ekimen ezagunenetakoa den ezti onenekin batera, gaztetxoen marrazki ederrenak sarituko dituzte eta baita gozogintzako jakiak ere. Adi, txapelketa honetan edonork parte hartu ahalko du. Egin beharrekoa, eztia osagai gisa duen postre bat sukaldatzea izango da. "Hamalau bat jaki aurkeztu zituzten azkenekoz", oroitu digu Erle Lagunak taldeko kide Ana Urdangarinek, "zein baino zein harrigarriagoak diseinu edota kolore aldetik".  Aurtengoan ere irudimena sustatzen duen ekimen honetan parte hartzeko deia egin dute. Nahi duenak postrea aurrez sukaldatu eta azaroaren 26an goizeko 9:00etatik aurrera frontoian aurkeztu beharko du. 

Hortik aurrera, eztiarekin egingo duten moduan, aurpegi ezagunez osaturiko epaimahaiak "zaporea, itxura... baloratuko ditu puntuazio bidez. Denoi animatzen zaituztegu parte hartzera. Polita izaten da ikustea jendea zer sorkuntza lan ederrak egiteko gai den", Urdangarinek nabarmendu duenez. Eguerdi horretan egingo dute sari banaketa.

22. Erle Eguna
Azaroak 26, igandea
09:00-10:00 Ezti eta gozogintza txapelketetarako jakien bilketa.
Goizean, Potxoenean: eztian oinarrituriko terapiak doan probatzeko aukera.
11:00-14:00 artean plazan:
- Azoka, postuetako salmenta.
- Erakusketak Sutegin: erleak, eztia ontziratzeko prozesua, Marrazki Lehiaketako lanak...

13:30 Sari banaketa: Euskal Herriko 22. Ezti Lehiaketako eta gozogintza nahiz marrazki txapelketetako irabazleak nortzuk diren jakinaraziko dute.

Antolatzailea: Erle Lagunak.