"Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak!" aldarriaren bueltan elkarretaratzea deitu du Kafe Tertulia Usurbilgo Neska* Gazte Taldeen Feministak larunbat eguerdirako, azaroak 25, 12:00etan Mikel Laboa plazan. Bihar hain zuzen, Emakumeenganako Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izango da.
Erakunde adierazpena
Gai berari lotuta, datorren osoko bilkuran erakunde adierazpena onartzekoa da udalbatza. Azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Egunari lotutako testua irakurri eta bozkatuko dute udal taldeek, ohi baino egun bat lehenago egingo duten osoko bilkuran.
Izan ere, izatez hilaren 30ean izan beharko luke azaroari dagokion udalbatzarra. Egun horretarako, ordea, Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba feminista orokorra deitu du. Greba honekin bat egingo dutela iragarri zuten udal gobernu taldetik urriko osoko bilkuran eta egun bat, azaroaren 29ra aurreratzea proposatu zuten hilabete honetako saioa. Aho batez onartu zuten hala izatea.
Beraz, aipatu erakunde adierazpen hau datorren asteazkenean, arratsaldeko 18:00etan udalbatza aretoan hasiko duten osoko bilkuran aztertuko dute.