Dorleta Kortazar: "Usurbilen entzuteko tradizioa badago"

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 24a, 19:08

Helduentzako ipuin kontaketa saioak urriak izan ohi dira. Azaroaren 28an asteartea, Dorleta Kortazarrek '80 amandre' ikuskizuna eskainiko du udal liburutegian. "Aspaldiko nahi bat nuen; nire amonen istorioak kontatzea. Beraiek egin zuten bidearen oinordekoak garelako gu".

Jorge Oteizaren aipu batean oinarritzen da zure ikuskizunaren izenburua, '80 amandre'. Ipuina ere, oteizatarra dela esan al daiteke?

Asko esatea litzateke. Asko miresten dudan artista da eta berari 80 amandreren ideia edo kontzeptua lapurtu diot. Oteizak esaten zuen 80 amandre nahikoa direla kobazuloetan bizi ziren emakumeak gaur egungoekin elkartzeko. Gustatu zitzaidan ideia, izan ere, 4.800 urte edo 80 amandre esatea oso ezberdina da. Milaka urte, luze egiten zaigu baina 80 amandreren ideiak halako gertutasuna ematen du.

Nik aspaldiko nahi bat nuen: nire amonen istorioak kontatzea. Nire aurretik zeuden horien istorioak kontatzea. Beraiek egin zuten bidearen oinordekoak garelako gu. Hari horri tiraka heldu naiz honaino. Eta horrela sortu nuen '80 amandre'. Lau ipuinez osatutako ikuskizun bat da eta lau emakume dira protagonistak.

 

Dorleta Kortazar:

"Bidaia emozional baterako gonbitea egiten diot entzuleari"

 

“Nik lau amandre nahikoa izan ditut munduan nire txokoa aurkitzeko”, esan izan duzu. Zure kontakizunak zenbat du biografikotik eta zenbat du fikziotik?

Badu fikziotik eta badu biografiatik. Gure amonen istorioak entzuten ditugunean, gehientsuenak anekdotak izan ohi dira. Nik hala jaso izan dut behintzat. Zaila egiten zitzaidan hori ikuskizun bihurtzea, hori ipuinera ekartzea. Baina ahozkotasunak baliabide ezberdinak ditu, eta aukera eman dit anekdota txiki horiek ipuin bihurtzeko.

Kontakizunak badu nire parte bat, eta badu entzuleak sortzen duen beste parte bat. Azken batean, ipuina kontatzea iradokitzea da. Nik hitzak jartzen ditut, baina entzulea da hitz horiekin bere irudiak sortzen dituena. Nik nire amamen istorioak kontatzen ditut baina entzuten duenak bere amama dauka gogoan, izan zuena edo izan ez zuena, eta horrekin eraikitzen du bere zatia. Langintza hau hori da azken batean: guk hitzak jartzen ditugu, baina ipuina eta istorioa entzuleak bere baitan sortzen duen zera hori da. Eta horrek dauka benetan garrantzia eta pisua.

 

Umorea, hausnarketa,… Zein erregistro gailentzen da saio honetan?

'80 amandre' saioa oso berezia da, oso pertsonala delako. Baina bestetik, bidaia emozional bat egiteko gonbitea egiten diot entzuleari. Eta emozio horien artean denetarik dago. Susmoa dut tekla nahiko sakonak ukitzen ditudala. Asko hunkitzeko saio bat da, barre egiteko ere bai, eta bidaia horretan denetarik dago. Lau ipuinak ezberdinak dira elkarren artean, eta ipun bakoitzak kolore bat ematen dio saioari.

Beraz, ipuinak entzutera etorriko den horrek denetik biziko duela iruditzen zait.

 

Udal Parekidetasun sailak antolatu du azaroaren 28ko emanaldia. Sutegi udal liburutegian arituko zara. Dena den, ez da Usurbilen arituko zaren lehen aldia.

Haurrentzako saio batean egon nintzen orain dela gutxi eta izugarri gozatu nuen. Asko nabaritzen da horrelako ikuskizunak zaintzen dituzten espazioak eta lekuak. Eta Usurbilen entzuteko tradizioa badago. Begibistakoa da bertako liburutegia bizi-bizi dagoela. Bertako liburuzainak oso profesional onak dira eta, ondorioz, hori nabaria da antolatzen dituzten ekitaldietan.

Usurbilen nabaritzen da haurrek entzuteko trebetasuna badutela, ohituta daudela entzutera eta ipuinak jasotzera. Eta guretzako, horrelako espazioetara joatea luxu bat da.

 

"Orain arte ereindakoa jasotzen ari naiz"

Zure sare sozialetan ikusi dugunez, hamaika saio dituzu egunotan. Rock izarren pareko agenda duzu. Boladaka izaten da ala lan asko egiten duen gutxi horietakoa al zara?

Egia esan, egun hauetan ipuin saio dezente pilatu zaizkit. Ez naiz inondik inora rock star bat. Duela zortzi urte hasi nintzen eta orain arte ereindakoa jasotzen hasi naizela iruditzen zait. Nire lana eta nire izena zabaltzen doala konturatu naiz.

Dena den, gauza puntuala da. Data seinalatuetan asko deitzen digute: Azaroaren 25aren bueltan, Martxoaren 8an, Euskararen Egunean, Liburuaren Egunean… Egun horien bueltan pilatzen zaizkigu emanaldiak. Dena den, aldarrikatu nahiko nuke gure lana urte osorako baliogarria dela, eta nahiko nuke oraingo agenda hain pilatua izan beharrean, urte osora zabalduko balitz.