"Konponbiderako Giltzak" manifestuarekin bat egiteko deia egin du Sarek

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 25a, 10:09

Sarek ostiral iluntze honetan Mikel Laboa plazan egindako elkarretaratzean, "Konponbiderako Giltzak" manifestuarekin bat egitea galdegin du.

Urriko azken ostiraleko mobilizazioa Euskal Herri mailako Sarek jendaurrean aurkeztutako "Konponbiderako Giltzak" Usurbilen plazaratzeko baliatu zuen herri honetako taldeak. "Giltza izatea dagokigu denoi eta bagoaz herriz-herri, auzoz-auzo konponbiderako giltzak konpartitzen, manifestua hedatuz, konpromiso aktiboen bila. Etxeratzeko bideari, konponbideari eta elkarbizitzaren eraikuntzari bide ematen jarraitzeko ateak irekitzeko unea delako aurkeztu genuen Giltza izeneko manifestua joan zen urrian eta gero eta babes gehiago lortzen ari gara euskal gizartearen partetik", azaldu du Sarek, ostiral iluntze honetan Mikel Laboa plazan egindako elkarretaratzean.

Azaroko azken ostiraleko elkarretaratzea manifestu honekin bat egiteko deia egin du udalerri honetako Sarek. Norbanakoek, nahiz talde edo eragileek atxikimendua adierazi diezaiokete esteka honetan sartuta, albiste honetan beherago duzuen testuarekin: giltzak.sare.eus Asteotan bildutako atxikimenduen irudia plazaratzeko baliatuko du Usurbilgo Sarek 2023ko azken ostiraleko mobilizazioa, abenduaren 29an 20:00etan Mikel Laboa plazan antolatuko duen elkarretaratzea.

"Salbuespenezko espetxe-politikaren atea behin betiko ixteko unea" izan arren, oraindik hainbat oztopoei aurre egin beharko zaiola adierazi du Sarek. "Hiru euskal presoek hirugarren graduaren erregresioa pairatu dute egunotan. Espetxera bueltatu behar izan dira. Berriro oztopatu dute presoak etxera itzultzeko aspaldi hasi zuten bidea eta, berriz diogu, lege arruntak ez duela esaten presoek azken egunera arte bete behar dituztenik zigorrak espetxe barruan. Baina berriro diogu, aurrera goaz oztopo guztien gainetik eta nahi baino mantsoago baldin bada ere, euskal gizartearen bultzadak fruituak ematen ari da zalantzarik gabe", nabarmendu du Sarek.

Urte amaierara begirako Euskal Herri mailako deialdiak iragartzeko baliatu du Mikel Laboa plazako mobilizazioa:
-Azaroak 28, 29: Sara Fernandez eta bere moduan "sakabanaketaren eraginez hildako gainontzeko 15 biktimak, urratsak ematera deitu dute Sara Gogoan eta Iruñeko hainbat kultur eta gizarte eragilek".
-Azaroak 30: Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako greba feminista orokorra. Deialdi honekin bat egin dute Etxerat eta Sare elkarteek. "Gaur egun, 21 euskal preso emakume daude. Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko proposamen honetan, emakume presoak pairatzen duten zigor sozial, pertsonal eta penalaz mintzatu behar da berriro ere. Eta presoen zaintzaren ikuspuntutik, espetxea tarteko, zaintza lanak emakumearen bizkar suertatzen dira beti ere".
-Abenduak 9: "Kultur Giltzak"ekimen parte hartzailea Durangoko Azokan, biharamuneko Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren bezperan.
-Abenduak 29: urteko azken ostirala 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Testuinguru honetan, Saretik diotenez, "aurrera goaz. Salbuespenezko legeriari amaiera emateko eta euskal preso, iheslari eta deportatuei behingoz espetxe-politika arrunta aplikatzeko beharra plazaratu nahi dugu gaurkoan ere. Ezin dugu gehiago itxaron, hori baita euskal gizartearen gehiengoak eskatu eta nahi duena".



Giltzak

 

Giltza. Sarraila. Zuloa. Atea. Zabaldu-Zarratu.

Giltzak ireki eta ixteko balio digu: etxea, kotxea, kutxa, giltzarrapoa, kaiola, espetxea. Preziatu duguna giltzapean gordetzen dugu: dirua, bitxiak, paperak, sekretuak, oroitzapenak, nostalgiak.

Giltzari esker sartu eta irten egiten gara: aurrera egiten dugu. Edo atzean geratzen gara, gotorturik.

Giltza zertarako, gakoa.

Zarratu: Iraganeko minak, gorrotoak eta biolentziak atzean uzteko, inoren sufrimendua ahaztu edo gutxietsi gabe, baina bai iraganari begiratu ahal izateko, orainaldirako eta etorkizunerako irakaskuntza gisa. Akatsetatik ikasiz ez errepikatzeko, norgehiagokak giltzapetu eta iraganean ainguratzen gaituzten lehiak ixteko.

Zabaldu: konponbideari ateak irekitzeko.

Eta horretan gabiltza, aurrera urrats sendoak eman ahala, ateak zarratu eta zabalduz. ETAren desagerpenarekin, isolamenduaren eta urruntze politikaren amaierarekin, biktima ezberdinen oinazera hurbilduz, distantziak murriztuz eta banatzen gaituzten hormak eraitsiz.

Bidean aurrera urratsak ematen jarraitzeko ordea beharrezko zaigu iraganean betikotzen gaituzten ateak itxi eta euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbidea ematea, bai eta gutxieneko akordio baten bila, biktima guztiei tratamendu justu eta berdina ematea ahalbidetuko duten ateak irekitzen jarraitzea.

Oraindik ordea, ezin izan dugu iraganaren atea behin betiko itxi. Oraindik, euskal presoen eskubideek urratuak izaten jarraitzen baitute eta, era berean, ez da lortu biktima guztiei bidezko tratamendua emateko helburua.

Presoek legearen bidea jorratzeko ateak ireki ahala, badirudi ugaritzen ari direla legedia ezartzeko oztopo diren sarraila berriak: salbuespenak giltzarrapo izaten darrai, etxerako ateak itxita jarraitzen du.

Aldiz, aspaldian jendartea elkarbizitzarako ateak irekitzeko lanetan dabil, giltza ugari eskutan hartuta, pertsona eta eragileen arteko harremanak, adostasunak eta desadostasunak, modu eraikitzailean egituratuz.

Bide horretan jarraitu nahi eta behar dugu: giltzei eraginez jendartearen motorra piztu eta aurrera egiteko. Pertsona guztien motorrak martxan jartzen lagundu nahi dugu: kaleetan, esparru politikoan, sindikalean eta sozialean… hainbeste urtetako konfrontazioaren ondoren gizarte gisa nahi dugun etorkizunari ateak irekitzeko.

Konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak parez pare zabaldu nahi eta behar ditugu. Eta horretarako presoen etxerako atea zabalduko duen/duten giltza/k eskuartean hartu behar ditugu.

Ez gara zigorgabetasuna eskatzen ari, zigorrak betetzeko legeak berak eskaintzen dituen aukera desberdinei ateak irekitzea baizik. Espetxe eredu berri, humanizatu eta justuago batean sakonduz, euskal presoei dagozkien eskubideen jabetza aitortuz, herri honetan sufritu duten pertsona guztiak aintzat hartuz eta biolentzia ezberdinen biktima diren guztiak errespetatuz.

Esandako guztiagatik, adierazi nahi dugu prest gaudela konponbiderako, elkarbizitzarako, biktima guztien minen errespeturako eta presoen etxerako biderako ateak irekiko dituzten giltzak gure eskuetan hartzeko, lege arruntak dion bidetik, hamarkadetan zehar aplikatzen ari zaizkien salbuespenak betiko baztertuz.

Ahaleginak egingo ditugu ate hauek lehenbailehen ireki daitezen eta, horrela, herri hau osatzen dugunok elkarbizitza oinarri izango duen etorkizun bat eraiki dezagun.