Azaroak 25

"Sistematikoa den indarkeria baten aurrean bizi gara"

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 25a, 12:30

"Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak!" izatea aldarrikatu dute Kafe Tertuliak deituta larunbat eguerdi honetan Mikel Laboa plazan mobilizatu direnek.

Azaroak 25, gaur, Emakumeenganako Indarkeria Matxista Ezabatzeko Eguna. Euskal Herriko beste hainbat udalerrietan egin duten moduan Usurbilen ere mobilizazio eguna izan da. Kafe Tertulia Usurbilgo Neska* Gazteen Talde Feministak elkarretaratzea deitu du eguerdiko 12:00etan Mikel Laboa plazan. Pankartako aldarriak zioen moduan, "indarkeria matxistarik gabeko bizitzak!" aldarrikatu dituzte.

"Sistematikoa den indarkeria baten aurrean bizi gara", salatu dute, amaieran plazaratu duten adierazpenean. Horren aurrean, gogorarazi dutenez, "autodefentsa feminista dugu lanerako, erantzuteko, pedagogiarako eta gure bizitzen defentsa eraikitzeko erreminta!". Bide horretan sakontzen segitzeko asmoa agertu dute. "Kaleak hartzeko prest gaude eta ez gaitu inork geldituko, ez gaituzue geldituko", adierazi dute. 

Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza eskubide kolektiboaren alde azaroaren 30erako deitu duen greba feminista orokorrarekin bat egingo dutela iragarri dute. "Bizitzak erdigunera ekarri eta azaroaren 30ean kaleak hartuko ditugu, zaintza publiko eta komunitario bat baitugu aldarrikatzeko".

Amaieran hastekoa zen kantu-jirako kideek ere bat egin dute mobilizazioarekin eta guztiek batera abestuz eman diote amaiera elkarretaratzeari.

Honatx Kafe Tertuliako kideek plazaratu duten adierazpena bere osotasunean:

Azaroaren 25eko adierazpena
Ez da ezer berria indarkeria matxistak hiltzen gaituela aldarrikatzea. Ohitu eta guzti egin gara erailketa matxisten kasuak salatzera. Baina horiek ez dira kasu isolatuak, eta ezin dira eraso eta erailketa datuekin soilik kontatu indarkeria matxistaren biktimak. Hiltzen gaituena indarkeria matxista sostengatzen duen egiturazko sistema zisheteropatriarkal kapitalista bera da. Eta nazkatuta gaude!

Sistematikoa den indarkeria baten aurrean bizi gara, gure egunerokotasuna zeharkatzen duelarik. Zerrendatu genitzake bizi ditugun indarkeria instituzionalaren, pobretze estrukturalaren, gure gorputzenganako kontrolaren, kriminalizazioaren, bortxa sistematikoaren, sexu heziketa pornografikoaren eta eskubide falten adibideak. Denok gara indarkeria matxistaren biktimak hamaika formetara.

Zorionez, feministok beste hamabi modu bilatu ditugu horiei aurre egiteko. Autodefentsa feminista da dugun tresna. Urteak daramatzagu autodefentsa feministaren baitan antolatzeko deia egiten eta honek har ditzakeen hamaika bide eta forma sortzen, aplikatzen eta aldarrikatzen. Horretarako bildu gara gaur ere.

Eta autodefentsa feministaren isla izango den data garrantzitsu bat gerturatzen ari zaigu. Egungo bizitzen eta kapitalaren arteko talkan, gure bizitza eta gorputzak produktibitaterako eta kapital metaketarako tresna izatea biolentzia da. Zaintzarako eskubide publiko bat ez izatea ere biolentzia da. Horregatik, bizitzak erdigunera ekarri eta azaroaren 30ean kaleak hartuko ditugu, zaintza publiko eta komunitario bat baitugu aldarrikatzeko.

Autodefentsa feminista dugu lanerako, erantzuteko, pedagogiarako eta gure bizitzen defentsa eraikitzeko erreminta! Bide horretan jarraituko dugu; antolatzen, espazio kolektiboak sortzen, olatu feministak eragiten. Ezin daitekeelako uka feminismoak duen gaitasun politizatzailea eta sistema iraultzeko duen indarra. Kaleak hartzeko prest gaude eta ez gaitu inork geldituko, ez gaituzue geldituko.

Gora borroka feminista! Ekin autodefentsa feministari!