Zuberoako ikastolek 50 urte

Kantuan bat egin dute xiberotarrek eta usurbildarrek

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 25a, 15:23

Zuberoako ikastolen 50. urtemuga festak kantuan batu ditu usurbildarrak eta xiberotarrak larunbat eguerdi honetan.

Hilabeteko azken larunbata gaur, azaroaren 25a, euskaraz abestuz plazaratzeko eguna Usurbilen. Usurbilgo Euskal Kantuen Taldeak iragarria zuen kantu-jira ezohikoa izan da gaur. Bidelagun gehiago batu zaizkie, Euskal Herriko ekialde partekoak; xiberotarrak. Hango ikastolak sortu zireneko 50. urtemuga festa ospatzen ari dira gaurkoan Usurbilen, hamarkada hauetan xiberotar eta usurbildarren artean izan den hartueman emankorrari gorazarre egitearekin batera.

Hala, goizean Udarregi ikastolan egin zaien harreraren ostean, eguerdian, Mikel Laboa plazatik herrian barrena kantuan batu dira guztiak. Hango zein hemengo doinu eta kantaerak uztartu eta batu ditu hitzorduak. Zubilana egin duena euskara eta herri beraren parte izatearekiko sentipena izan dira. Hortik aurrera, kantu-liburuxka eskuartean, abesti xiberotar ezagunei tartea egin diete dituzte besteak beste. Abesten hasi eta dantzan amaitu dute bira berezi hau.

Xiberotarren artean kantu-jira dinamizatzen aritu dira Usurbilgo jaietan kontzertua eskaini zuten Xiberoots taldeko kideak edota Mixel Etxekopar eta Jean Kristian Galtzetaburu.

Usurbildar eta xiberotarren urte luzeetako hartuemana, irudiotan ikus daitekeen moduan, pozarren ospatu dute Nafartarrak antolaturiko jaialdiaren baitan.

Urte amaierako kantu-afaria
Gaurko hitzorduaren ostean, urtarrilean abiaraziko duen ikasturte berriaren aurretik, egungoa behar bezala agurtzeko kantu-afaria antolatu du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak abenduaren 15ean, 20:30etan Patrienean. Asteazkenekoak kantu taldea izango dute bidelagun. Herritar orori irekia izango den otordurako izena abenduaren 12a baino lehen eman beharko da.

Abenduak 15, ostirala
20:30
Kantu-afaria Patrienean.
Gonbidatuak: Asteazkenekoak kantu taldea, akordeoi eta arrabita joleekin.
Izen-ematea: 688 690 361 (Iban), abenduaren 12ra arte.
Menua (25 euro):
-Urdaiazpiko-kroketak.
-Entsalada, gazta urtina eta intxaurrekin.
-Etxean egindako bakailao bricka.
-Entrekota piper gorri eta patata frijituekin.
-Gazta pastela txokolate bero eta izozkiarekin.
-Urteko ardoa, sagardoa, kafea, infusioa.

Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala eta NOAUA! K.E.