Zuberoako ikastolek 50 urte

"Eskertzen dugu aspaldidanik eman duzuen laguntzagatik"

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 25a, 13:03

Udarregi ikastolan xiberotar ordezkaritzat bati egin zaion harrerarekin hasi dute larunbat goiz honetan, Zuberoako ikastolen 50. urtemuga festa.

Urteetako elkarlaguntza, elkartasuna eta Zuberoako ikastolen mende erdia goraipatzeko eguna gaur Usurbilen. Goizean hasi dituzte 50. urtemuga festari lotuta Nafartarrak taldeak iragarritako ekimenak. Harrera ederra egin diete Udarregi ikastolan. Bertan zen ikastetxeko zuzendari Nerea Erauntzetamurgil, Usurbilgo Udaleko ordezkaritza eta ikasle talde bat trikiti eta panderoekin unea musikatzen. Trikiti doinuen artean sartu dira gaur omenduak izan diren Zuberoako ikastoletako ordezkariak Udarregiko erdiko aretora.

Hango bi ikastolen mende erdia soilik ez, haien eta usurbildarren arteko harreman oparo eta emankorra ere goraipatu eta agerian utzi du gaurko egunak ere. "Zorionak eta izan daitezela behar duten urte guztiak", adierazi die Udarregiko zuzendariak Zuberoako ikastolen ordezkariei, harreman honi eusten aritu diren herritarrak eta xiberotarrak eskertzearekin batera.

Bisitariei Udarregiri buruzko zertzelada batzuk emateko baliatu du tartea. 0-16 urte arteko 674 ikasle ditu egun 50 urtetik gora dituen Usurbilgo ikastolak hiru eraikinetan banatuta, 70 langile inguruko taldea. Sorreratik, euskara hutsean eta berrikuntzak txertatzen dihardutela gogorarazi du, "egunerokoa ahalik eta ondoen egiten, beti ere ikaslea erdigunean jarrita eta euskara ardatz izanda". Gainerako ikastolekin lankidetzan dihardutela azaldu die Erauntzetamurgilek, eta eskaintza horixe egin die hain zuzen, gaur gure artean bisitan izan ditugunei, elkarlanerako prestasuna adierazi die.

Ildo beretik mintzatu da baita Usurbilgo Udalaren izenean zuberotarrei harrera egin dien Jon Mikel Azpiazu kultura eta gazteria saileko udal gobernu taldeko kidea. "Pozgarria da amesten dugun Euskal Herri horretan aletxoa jartzen ari garen honetan, zuek ere zer ale jartzen duzuen ikaragarria da, oso garrantzitsua. Oso eskertuak gaude". Manu Urbieta zarauztarrak eginiko sortze lan bat oparitu die.

Urratsez urrats
Esker oneko agertu da Zuberoako ordezkaritza jasotako harrerarekin baina bereziki urte hauetan guztiotan jaso duten laguntzagatik. "Milesker Usurbilen eta Euskal Herriko hainbat lekutan Xiberoko ikastolen alde emandako laguntza eta lan guztiarentzat, guretzat beharrezkoa zaigulako ikastola biziarazteko Xiberoan". Azpimarratu nahi izan duten moduan, "badakigu Usurbilen laguntasun hori eta laguntza hori beti eskatu eta hor izaten dugula".

Azaldu duten moduan, bi ikastola ditu egun Zuberoak; bat Sohütan, bestea Alozen. Ehun ikasle pasatxo ari dira ikasten bi guneotan 3-11 urte artean. Gehiago dira aurrez ikastola hauetan egondakoak. "Gu ere ikasle ohiak gara", nabarmendu dute gaur bisitan izan ditugunek. Duela mende erdia hasi ziren ikastolen mugimenduaren eraikuntzan, "Mauleko Herriko Etxean dozena bat ikaslerekin".

Ordutik mende erdia igaro da. Aurrera begira, orain arteko harremanari eusteko deia egin dute, "beste horrenbeste urtez". Gogorarazi duten moduan, orain arte bezala, "urrun eraman gaituzte urrats txiki horiek guztiek".

Trikiti doinuen artean egin diete harrera usurbildarrek xiberotarrei. Xiberotarrek bikain egiten duten moduan erantzun diete; kantuan.