Zuberoako ikastolek 50 urte

Kantuak, dantzak eta musikak, Zuberoako ikastolen bidelagunak batu ditu

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 25a, 18:52

Zuberoa eta Usurbilen arteko urteetako hartuemana Sutegiko oholtzan islatu dute larunbat arratsalde honetan, hango ikastolen 50. urtemuga festako ikuskizunean.

Azken hamarkada hauetan usurbildar eta xiberotarren artean izan den hartuemanaren ispilua izan da Sutegiko oholtza larunbat arratsalde honetan. Bi herrion eskutik, dantzan eta kantuan aritu dira, Zuberoako ikastolen 50. urtemugako ikuskizunean. Hartueman horren bueltako bidelagunak batu ditu hitzorduak kultur-etxeko auditorioko eserlekuetan eta oholtza gainean bertan. Maiz Zuberoan bisitan izan diren Orbeldikoak aritu dira xiberotarrekin dantzan. Ekitaldia, Usurbilgo ikastolako LH 5. mailako ikasleekin ekin diete abestuz, Jaione Eskudero musikako irakaslearen gidaritzapean.

Segidan, Mixel Etxekopar eta Jean Kristian Galtzetaburu aritu dira kantu ederrean. Eta haiei batu zaizkie gero Xiberoots taldeko bi kide ere: Pette Jaragoien eta Jon Etxekopar. Kantu saio bikaina eskaini digute.

Amaieran, Zuberoako ikastolen aldeko errifen zozketa egin dute. 62 izan da zenbaki saritua. Zenbakiaren jabeari Xiberoko produktu goxoez hornituriko otarra egokitu zaio.