22. Erle Eguna

Gogotik lan egin du epaimahaiak

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 26a, 14:34

Hiru ziren 22. Erle Egun honen itzuleran antolatuak zituzten lehiaketak. Sarituak hautatzeko gogotik egin du lan epaimahaiak goiz osoan zehar.

Kokagunea estreinatu eta ikusgarritasunean irabazi dute, sorreratik Erle Egunean isilpean eta gogotik lan egiten duten epaimahaiko kideak. Ez zuten lan makala eskuartean; Euskal Herri mailako ezti onena zein zen erabaki behar zuten, eta horretan jardun dute 2019az geroztik ospatu ez den Erle Egun honetan zehar.

Frontoiaren erdigunean aritu dira eztia dastatu, ikusten, aztertzen... zentzumen guztiak lanean jarri dituzte, amaieran ospatu den sariak nortzuei eman erabakitzeko. Ikuslerik ez dute falta izan goizean zehar; behatzaileak ere behatuak izan dira Erle Egunaren jaialdi honetan. 

Hiru ziren hain zuzen, jokoan zeuden txapelketak; eztiarenarekin batera, gozogintzakoa eta gaztetxoen arteko marrazki lehiaketa. Sortze lan hauek Sutegin jarri dituzte ikusgai.