Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba orokor eta feminista ate joka dugu. Azaroaren 30erako gai honen bueltan dugun eskubide eta erantzukizunagatik guztiok geratzera interpelatu gaitu Euskal Herriko Mugimendu Feministak.
Usurbilen ere nabarmenduko da greba eguna eta horren atariko egunok ere. Herrian berriki osaturiko Usurbilgo Asanblada Mistoak bi fasetan banatu du greba honen lanketa udalerrian. Batetik, azaroaren 30era bitarte gizarteratze lanetan jardungo da. Aldarridun euskarriez bete ditu herriko kaleak, eta baita etxe atariak ere. Zaintzen gaiari buruzko galdetegi bat zabaldu dute egunotan. Galdetegi hau osatzeko deia egin dute Usurbilgo Asanblada Mistotik.
Hausnarketarako tartea
Modu horretan, gai honen bueltan herrian dagoen errealitatea marraztu nahi dute eta lekukotzak bildu. Horretarako, baliatuko duten bideetako bat da galdetegi hau, "helburua izanik nagusienengana eta enplegupean zaintza lanetan dabiltzan pertsonengana heltzea". Jasotako erantzunak greba egunean goiz parterako iragarri duten "zaintza publiko komunitarioaren eraikuntza" izeneko solasaldian tratatuko dira. Bertan, izenburuak dioen moduan, gai horri buruz hausnartuko dute. Besteak beste, Usurbil gai honetan jorratzen ari den bidea izango dute mintzagai antolatzaileek gonbidatu dituzten hizlariek. "Haiek azalduko digute zer den zaintza komunitarioa eta nola esparru asko eraldatzeko beharra dugun, errotikako eraldaketa behar dugulako". Hitzordu honen bidez, greba eguna bera herrian ikusarazi nahi dute herri erdiguneko erreferentziazko espazio hau hartuta, eta denek ezingo dutela egon ere bistaratu nahi dute. Izan ere, zaintza lanetan dabiltzan batek baino gehiagok ez du izango greba eskubiderik ere. QR bidezko galdetegiekin hain zuzen, bereziki haiengana, haien hitza biltzen saiatu nahi du Usurbilgo Asanblada Mistoak.
Hausnarketarako tartearen ostean, herri mailako mobilizazioa egingo da, segidan bazkaria eta arratsaldean hiriburu nahiz eskualde mailan antolatu diren manifestazioetara joateko deia egin dute.
Greba orokor feminista
Azaroak 30, osteguna
08:00 Esnadeia Mikel Laboa plazatik.
10:00 “Zaintza publiko komunitarioaren eraikuntza” solasaldia frontoian.
13:00 Manifestazioa Mikel Laboa plazatik herriko kaleetan barrena.
Ondoren, taper bazkaria frontoian, norberak nahi duena etxetik eramanda.
Arratsaldean, manifestazioak Hernanin (18:00etan) eta Donostian (18:00etan Antiguako tuneletik).
Antolatzailea: Usurbilgo Asanblada Mistoa.