Gabonei begirako murrizketez ohartarazi du Donostialdea Osasun Publikoaren Alde plataformak

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 28a, 10:04

Donostialdea Osasun Publikoaren Alde (DOPA) herri plataformatik urte amaieran Osakidetzan murrizketa gehiago izango direla ohartarazi dute, bai ordutegian baita langileen kopuruan ere. Horren harira plataformako kide baten honako idatzia jaso dugu. Hemen duzue.

Geure Osakidetza Donostialdean
Donostialdeko ESI, Osakidetzako erakunde handiena da. Herri askok osatzen dute ESIa: Oiartzun, Lezo, Errenteria, Pasaia, Lasarte, Donostia, Urnieta, Andoain, Astigarraga, Hernani, Usurbil, Aizarnazabal, Zestoa, Getaria, Zumaia, Zarautz, Orio eta Aiak. Herri hauetako herritarrei osasun-arreta ematen zaie.

Bada, dagoeneko entzun dugu, orain Gabonak direla eta, abenduaren 4tik aurrera berrantolaketa izango dugula: ordutegia mugatuko digute. Hau murrizketa da eta, maila guztietako langileak ez dira bermatzen zerbitzu guztietan, beste murrizketa bat. Horrek guztiak osasun-arretan eragina badu, baita geure osasunean ere.

Osakidetzako arduradunek osasun langileak bilatzea zaila dela jakinarazi digute, bereziki zaila sendagileak lortzea. 

Etengabe sendagilerik ez dagoela entzun dugu eta, hainbeste aldiz esanez guk hori sinistea nahi dute. Baina non daude sendagileak? Desagertu egin dira? Nire galdera hauxe da: zergatik da gero eta zailagoa Osakidetzan lan egiteko langileak bilatzea? Zer gertatu da? Oraindik ez dut entzun enpresa-pribatuan horrelako gabezia dagoenik, aintzat hartuta gero eta enpresa gehiago daudela eta gero eta lan handiagoa dutela.

Badira 10 urte baino gehiago zer iritsiko zen konturatu ginela. Alde batetik, Osakidetzako langileen adinagatik erreleboa eta gizartearen aldaketa eta zahartzea. Zer egin dute? Zer plangintza egin dute? Goi-goiko GEURE OSAKIDETZAKO arduradunek zer egin dute?

Gainera, arduradun politikoak ez dira aldatu. Iritsi gara iritsi garen egoerara hauek kudeatzen. GEURE OSAKIDETZA utzi duten bezala eta haiek berak konpontzeko gai izango dira?

Ba bai, egoera kaskarra egin da, eta nola gainera. OSAKIDETZARI zuen prestigioa kendu diote eta geure osasunaren bizkarretik negozioa egiten da. LOTSAGABEKERIA.

Sailburuak, Sagardui andereak, hau guztia konpontzeko erremedioa baduela esaten digu: publiko-pribatuen lankidetza.

Ez nago ados, ez. Lankidetza hau pribatizazioa da, geure dirua, diru publikoa, esku pribatuetan jartzea da eta, bide batez, GEURE OSAKIDETZA ahulagoa eta suntsitua geratzen da.

Gero eta langile gutxiago Osasun Zentro guztietan eta lan gehiago egiten. Lan postu berriak pribatu-enpresetan, lan baldintzak eskasak eta lan egiten dugun gehienok emakumeak.

Osasun arazoa izanda, nora joango gara? Ahal dutenek agian pribatura?

NAHIKOA DA.
OSAKIDETZA INDARTU.
OSASUNGINTZA GEUREA DA.
EZ OSTU. EZ SUNTSITU.

Itziar Mujika

 

DOPA
Donostialdea Osasun Publikoaren Alde