Udalerriko azpiegitura berdeari buruzko azterlan bat egitea eta udalerriko gune grisenetan birnaturalizazioa sustatzea; tenperatura optimoa bermatuko duten eta bero-boladen garaian aterpe klimatiko gisa erabil daitezkeen kanpoko zein barruko espazioak kokatzea; hirien berdatzea sustatzea, zuhaitzik edo eguzki-babesik ez dagoen lekuetan eta eremu gris gehiegi dauden lekuetan, gure hiriak klima-aldaketara eta gure herritarren osasuna babestera egokitzeko neurri gisa; azkenik, Usurbilgo lorategi eta baratze pribatuetan ingurumen- eta iraunkortasun-jardunbide egokien kontzientziazio-kanpainak bultzatzea.
Eskaerok biltzen dituen mozioa aurkeztu du Usurbilgo Udaleko talde sozialistak, biharko greba egunagatik, ohi baino egun bat lehenago, asteazken arratsalde honetan egin duten azaroko osoko bilkuran.
Petri Romero bozeramaileak irakurritako testuari gaineratu dio, alor honetan hainbat urrats eman direla Usurbilen eta bide horretan pauso gehiago ematen jarraitu behar dela. Norabide horretan kokatu du gaur aurkezturiko mozioa.
Gehiengo osoz onartu dute testua PSE eta EHBilduko ordezkarien aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin da. Mozioarekiko aurkakotasunik agertu ez arren, testuak aipatzen duen "gune grisak eraldatzeko" beharrik ez duela ikusten adierazi du jeltzaleen bozeramaile Xabier Otxoak, beharrik ez dagoela zelai eta berdeguneez inguratua dagoelako Usurbil.
Mozioarekin bat egin du udal gobernu taldeak. Romerok adierazi bezala, EHBildutik ere norabide horretan lanean dihardutela nabarmendu du alkate Agurtzane Solaberrietak. Baina gogora ekarri dio talde sozialistari klima aldaketaz diharduenean, Zubietan kokaturiko "Gipuzkoan CO2 gehien isurtzen duen erraustegia". Ildo horretan azpimarratu du, "klima aldaketaren aurka borrokatu nahi badugu, nekez egingo dugu , gure airea, lurra.. kutsatzen dituen erraustegia Zubietan izanda". Argi esan du, "Gipuzkoak ez du behar gisa honetako instalaziorik". Gai honi buruzko eztabaida bere osotasunean jorratzeko nahia agertu du alkateak.
Ildo horretan, lau misio, erronka aurkeztu zituen Udalak urria amaieran Zumarten eginiko jendaurreko aurkezpen ekitaldian; haietako bat, trantsizio ekosozialari lotutakoa, herritar nahiz eragileekin lankidetzan definitzeko gonbita egin zuten. Lehen saioa, abenduaren 14rako iragarri dute 18:00etan Potxoenean. Gaurko osoko bilkuran, hitzordu horretan parte hartzeko gonbita egin dute udal gobernu taldetik.
Honatx PSE-k aurkeztu duen mozioa bere osotasunean:
Klima babeslekuen eta espazio publikoen birnaturalizazioaren mozioa
Gurea Autonomia Erkidegoak, Euskadik, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egin behar die eta erronka horietako handiena klima-aldaketa da, eragin globala eta handiena duelako.
Klima-aldaketak hainbat inpaktu eragin ditu gure planetan, eta bero-boladak gero eta gogorragoak eta ohikoagoak eragiten dituen ondorio kezkagarri ugarietako bat da.
Uda honetan, gure lurraldea astindu duten bero-bolada gogorren lekuko izan gara, eta ezin dugu ahaztu muturreko gertaera horiek klima-aldaketarekin lotuta daudela.
Zientzialariek hamarkadak daramate klima-aldaketan fokua jartzen eta klima-aldaketak gure egunerokoan eragiten dituen inpaktuen maiztasuna eta eraginean arreta jartzen.
Horren adibide garbia da Euskadik, azken bero-bolada horretan, 1981ean baino bero-erregistro historiko handiagoa izan zuela, eta abuztu erdialdean inoizko egunik beroena izan genuen: 45 gradu inguruko tenperaturak erregistratu ziren Euskadiko hainbat tokitan, baita tenperatura horiek gainditu ere, Solupen (Bizkaia), esaterako, 45,3 gradu, 1981eko 45-44 graduak gaindituta.
Euskadi izan da tenperatura altuengatik alerta gorria ezarri duen autonomia-erkidego bakarra eta aurreikuspenak aise gainditu dira.
Bizkaian 43,7 gradu Derion, Galdakaon, 43 gradu. Araban, 44,6 gradu Laudion, 42,2 Amurrion. 40,6 Zanbranan eta 40,4 gradu Gasteizen.
Era berean, Gipuzkoan, udalerri gehienak ez dira 40 gradura iritsi, Elgoibar, Arrasate eta Beasain izan ezik, horiek gainditu egin baitituzte.
Tenperatura horiek direla eta, Euskadin 48 pertsonari eman zaie arreta tenperatura altuengatik (30 pertsona Bizkaian, 14 Araban eta 4 Gipuzkoan).
Segidako bero-boladak deigarriak izan behar dira gure lurraldean eta udalerrietan klima-aldaketara egokitzeko neurriak abian jartzeko, gure biodibertsitatea ezagutzen dugun moduan zaindu eta kontserbatzeko, gure herritarren eta gure ekonomiaren osasuna zaindu eta babesteko.
Erronka handia izateaz gain, klima-aldaketaren aurkako borrokak eta horretara egokitzeak udalerri errisiliente eta osasungarriak sortzeko aukera gisa balio behar digute.
Horregatik guztiagatik, Usurbilgo Udaleko Talde Sozialistak honako mozio hau aurkezten du osoko bilkuran eztabaidatzeko:
1-Usurbilgo Udalari eskatzen zaio, udalerriko azpiegitura berdeari buruzko azterlan bat egitea eta udalerriko gune grisenetan birnaturalizazioa sustatzea.
2-Usurbilgo Udalari eskatzen zaio, tenperatura optimoa bermatuko duten eta bero-boladen garaian aterpe klimatiko gisa erabil daitezkeen kanpoko zein barruko espazioak kokatzea.
3-Usurbilgo Udalari eskatzen zaio, hirien berdatzea sustatzeko, zuhaitzik edo eguzki-babesik ez dagoen lekuetan eta eremu gris gehiegi dauden lekuetan, gure hiriak klima-aldaketara eta gure herritarren osasuna babestera egokitzeko neurri gisa.
4-Usurbilgo lorategi eta baratze pribatuetan ingurumen- eta iraunkortasun-jardunbide egokien kontzientziazio-kanpainak bultzatzea.
Usurbilgo udal talde sozialista