Euskararen Eguna

Konpromiso bikoitza, Euskararen Eguneko adierazpenean

Noaua Aldizkaria 2023ko abe. 3a, 10:47

Euskararen Egun honetarako adierazpena onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz azaroaren 29ko osoko bilkuran. PSEk osoko zuzenketa aurkeztu zuen baina ez zen onartua izan.

Igandez egokitu da aurten, abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna. Euskararen aurkako oldarraldia hizpide izan den urte honetan, egun horri begirako adierazpena aurkeztu zuen udal gobernu taldeak azaroaren 29ko osoko bilkuran. Usurbilgo udalerria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearena (UEMA) da testua.

Bertan, hain zuzen, azken aldian euskarak jasandako erasoak gogorarazten dira. "Euskararen aurkako erasoek ez dute etenik izan, eta epaitegietatik heldu den oldarraldiak marra gorriak gainditu ditu, euskararen beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzeraino".

Egoera horren aurrean, adierazpenak dioenez, "euskara da gure herriko hizkuntza propioa, eta hori sustatzen jarraitzeko beharra daukagu udalerri euskaldunek". Horren harira bi konpromiso ezagutarazi nahi ditu adierazpenak. "Batetik, euskararen biziberritzean eta herritarren hizkuntza eskubideen defentsan eredu eta bide- urratzaile izateko konpromisoa. Bestetik, euskarak ezinbestekoa duen lege-babesa lortzeko lanean gainerako erakundeen eta eragileen bidelagun izateko konpromisoa".

Adierazpena babestu zuten EHBildu eta EAJ udal taldeetako ordezkariek. PSEkoa aurka agertu eta osoko zuzenketa aurkeztu zuen, bestelako adierazpena. "Euskal hiztunon komunitateak zor dio bere buruari ahalduntzerako bide honetan urrats erabakigarriak egitea, digitalizazioak sortutako beharrak asetzea, kasu", dio PSEk aurkezturiko testuak. Euskararen digitalizazioaren alorrean aurrerapausoak ematea defendatu zuen eta "ahalegin honen atea, baita ere, euskarara hurbiltzen ari diren herritar guztiei" irekitzea, "euskal herritarron komunitate eleaniztunak elkartasunez, harrotasunez eta kontzientzia betean bizi dezan euskararen aurrerabide digitala".

PSEk soilik babestu zuen osoko zuzenketa, EHBildu eta EAJ aurka agertu ziren. Lekuz kanpokotzat jo zuen talde sozialistaren testua Oxkar Santamaria EHBilduren zinegotziak. Desegokitzat jo zuen aurtengoan halako testu bat proposatzea, euskararen aurkako oldarraldi betean garen honetan. Ildo beretik mintzatu zen, Ivan Iriondo jeltzalea. Harridura agertu zuen PSEk aurkezturiko adierazpenarekiko. Ez du uste "unea denik hori aldarrikatzeko. Aurten izandako gorabeherengatik" aproposagotzat jo zuen EHBilduk aurkeztu zuen UEMAren adierazpena.

PSEtik Petra Romerok erantzun zuen esanez, udal gobernu taldetik aurkezturiko testuko "adierazpen batzuekin " desados dagoela eta "aukera galdu dela" adierazpen adostu bat onartzeko. Hitz hauei erantzun nahi izan zion EHBildutik alkate Agurtzane Solaberrietak. Bere esanetan, "aukera galdu bat izan da euskaraz funtzionatzen duen Udalaren alde egiteko". Tristura agertu zuen PSEk hartutako erabakiarekiko.

Segidan dituzue lerrootan mintzagai izan ditugun bi testuak. Lehenik, EHBilduk aurkezturiko UEMAren adierazpena, gehiengo osoz onartu zutena. Segidan, PSEk aurkezturiko osoko zuzenketa, onartu ez zutena.

Euskara eta bidea

Euskararen Nazioarteko Eguna, 2023. Adierazpen instituzionala

Euskaldunak gara, euskaraz gara, eta hori da gure herrien nortasunaren ezaugarri esanguratsuenetakoa: udalerri euskaldunak gara. Mendeetan zehar gure hizkuntza zamatu duten debeku, eraso, jazarpen eta erabakien gainetik, aurten bertan ezagutu ditugun datuek argi diote: oraindik ere gure herritarren gehiengoa euskalduna da, beste inon baino sendoago dago gurean euskara, eta udalerri euskaldunak gero eta gehiago dira. Gurean ere asko aldatzen ari da erreliatea, ordea, eta egiteko konplexuak dauzkagu aurretik; hala ere askoren artean urte askoan egindako lanaren uzta ageriko da: ezagutzak gora egin du, gero eta euskaldun gehiago gara, eta horrek ekarri du udalerri euskaldunen lurgunea handitzea, besteak beste.

Euskararen Nazioarteko Eguna, urtero, zer garen gogoratzeko eguna izan ohi da. Herri honek munduari ematen dion kolorea euskara dela esateko eguna. Harrokeriarik gabeko harrotasun eguna. Ospakizuna. Aurten, ordea, lanbrotuta ditugu bazterrak. Hilabetez hilabete ainubera kondenatu nahi izan gaituzte. Behin eta berriro. Euskararen aurkako erasoek ez dute etenik izan, eta epaitegietatik heldu den oldarraldiak marra gorriak gainditu ditu, euskararen beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzeraino.

Euskal jendarteak eta euskal erakundeek urte askoan kontsentsu zabalarekin egindako bidea mugatu nahi izan dute. Udalerri euskaldunek bertako hizkuntza biziberritzeko eta euskara dagokion lekura itzularazteko egiten ditugun urratsak debekatu nahi dizkigute. Gazteleraren makulupean ibiltzera eta bigarren mailakoak izatera behartu nahi gaituzte. Baina euskara da gure herriko hizkuntza propioa, eta hori sustatzen jarraitzeko beharra daukagu udalerri euskaldunek.

Izan ere, erakundeei eredu izatea dagokigu. Herritarren eredu. Ahalegin eta konpromiso handiari esker, larrekoa nahi zuten hizkuntza noranahikoa izatea lortu du herri honek, eta ezin dugu zabaldutako bidean atzera egin. Berdatzen hasitako basoa berriro lehortzea onartu. Horregatik, udalerri euskalduna garen heinean, adierazpen honekin bi konpromiso ezagutarazi nahi ditugu. Batetik, euskararen biziberritzean eta herritarren hizkuntza eskubideen defentsan eredu eta bide- urratzaile izateko konpromisoa. Bestetik, euskarak ezinbestekoa duen lege-babesa lortzeko lanean gainerako erakundeen eta eragileen bidelagun izateko konpromisoa.

Gaur egungo atakari aurre egiteko benetako lege-orubea behar baitu euskarak, erdaren erauntsiari aurre egiteko egiturazko neurri sendoak behar dituen bezala. Dagokigun arduratik, horiek lortzeko lanerako eta elkarlanerako ordua dugu orain erakundeok, inoiz baino gehiago. Euskararen lurgunea handitu dela esateaz gain, euskararen lurgunea sendotu ere egin dela ikus dezagun hurrengo urtean. Izan gaitezen eredu. Lehenetsi etorkizuna. Erakutsi eguzkia ainubean denari. Eman diezaiegun euskara eta bidea herritarrei.

2023ko abenduaren 3an

______________________________________________________________________________
PSE-ren osoko zuzenketa
Euskal hiztunon ahotsa, euskararen zabalbide
Euskal hiztuna, euskararen zabalkunde digitalaren eragile Nagusia
Gure alde, euskararen alde alegia, inork egin dezakeenaz galdetu ohi dugu sarri euskal hiztunok, bereziki Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko gogoetan. Ezin uka, jakina, egin beharreko galdera eta gogoeta dela, baina ez litzateke inola ere zilegi, are gutxiago baliagarria, ikuspegi horretara mugatzea euskararen aldeko jarduera.

Garrantzi betekoak izaten jarraitzen dute, ezinbestekoak, euskararen erabileraren aldeko ekimen kolektibo presentzialek, jendetsuek, kale girokoek; ezinbestekoak diren bezala euskara ardatz duen elebitasun orekatua gauzatzen jarraitzeko lankidetza pribatu-publiko harmonikotik datozen ekimen eraginkorrak oro.

Baina digitalizazio aurreratuaren garai honetan, adimen artifiziala makulu ezezik kultur, komunikazio eta gizarte garapenaren bektore nagusi bilakatzen ari zaigunean, erronka berri bat iritsi da gure komunitatera.

Algoritmoak ausazkotasunarekin lotzen ditugu sarritan eta adimen artifiziala gure kontrol eremutik at dagoen esparru batekin. Baina teknologia aurreratu honen guztiaren muinean, gizakiak etengabe elikatutako tripak daude. Makinen autonomia gero eta handiagoa izanik ere, autonomia hori era batera edo bestera elikatu eta bideratu daiteke. Bada, elikatze horretan dugu euskaldunok etorkizun hurbilerako erronka, bai erakundeen aldetik baita norbanakoen aldetik ere.

Sortuko diren tresna, aplikazio, gailu… berriek gure hiztun komunitatearen eta gure euskararen muina behar dute erraietan. Horretarako, ahotsa, hizkera, hizkuntza ezagutza, aldaera, estiloa, berezitasuna, esakera edo idazkera etorkizuneko tresnen elikagai bilakatu behar ditugu.

Euskararen zabalkunderako aro digital berria hasi da, inplikazio pertsonalaren bidez eta komunitate gisa jarduteko unea iritsi da. Har dezagun geure esku bereziki adimen artifizialaren bidetik datozkigun lanabesak euskaraz funtzionatzeko bidean tinko jartzeko ardura, erakutsi diezaiogun euskaraz lan egiten geure eguneroko jardueran ezinbesteko lankide dugun tresneria digitalari.

Oparo bueltatuko digu-eta gure oraingo ahaleginaren mozkina, modu ezin praktikoagoan bueltatu ere: euskarazko datu-base sendo bat sortuta, euskarak zuzeneko sarbidea izango du sare teknologiko nagusien zirkuituetan, eta, horren eskutik, eguneroko eta helburu ugaritako aplikazioetan.

Ez da amets bat, hil edo biziko eginkizuna baizik euskararen garabideari begira eta, batez ere, digitalizazioaren unibertso ekidinezinean gure hizkuntzak atzerapausorik gabe aurrera egin ahal izan dezan.

Beste hainbat urrats egin ditu euskarak digitalizazioaren eremuan oraingo honen aurretik ere, esate baterako, itzultzaile neuronalaren, itzulpen automatikoaren, ahots sintesiaren eta transkripzioaren alorrean eman diren urratsak.

Hortxe beraz, bidea: erabil ditzagun gure alde, euskararen zabalkundearen alde, teknologia kolaboratiboak, izugarria izango dugu ahaleginaren ordaina, guztiz aldekoa eta, batez ere, atzeraezina.

Euskal hiztunon komunitateak zor dio bere buruari ahalduntzerako bide honetan urrats erabakigarriak egitea, digitalizazioak sortutako beharrak asetzea, kasu.

Eta ireki diezaiogun ahalegin honen atea, baita ere, euskarara hurbiltzen ari diren herritar guztiei, euskal herritarron komunitate eleaniztunak elkartasunez, harrotasunez eta kontzientzia betean bizi dezan euskararen aurrerabide digitala.

Eman diezaiogun ahotsa euskarari, mundua euskaraz izendatzen jarraitu ahal izan dezagun. Euskarari zor diogu. Geure buruari zor diogu.

Usurbilen 2023ko azaroaren 27a