Herritar orori irekia izango den otordurako izena abenduaren 12a baino lehen eman beharko da. Hitzordura kantu-liburuxka eramatea eskatu dute, ez duenari bertan emango zaio.
Afari osoan zehar, kantuan ariko direla iragarri dute. Horretarako, Asteazkenekoak kantu taldea izango dute bidelagun afaltiarrek, “luxuzko lagunak, giro beroa eta xarmanta bultzatuz”. Aipatu moduan, Asteazkenekoak taldekoak Patrienera gonbidatu dituzte, “Etxalarko, Bankako eta Hazparneko lagunekin batera. Musikariek, akordeoi eta arrabita jole bikainek, gure ekimena atseginagoa egiten lagunduko dute”, Kantu Taldetik iragarri dutenez.
Kantuari gorazarre egingo diote beste behin. “Egia esan, beraiekin abestea gozamen hutsa izaten da. Bakoitzak duen ahotsa eta kantatzeko era besteenarekin partekatuz zoriontsu izateko modu bat da. Ez zaitez kikildu gaizki kantatzen duzula ustetan, zeren, basoa ere oso isila izango litzateke baldin eta kantu-txori hoberenak bakarrik entzungo bagenitu”.
Bertara joateko gonbita egin du Kantu Taldeak. “Kantuaz eta kontuaz gozatzeko aukera paregabea. Kantu zaharrak eta berriak abestuz Euskal Herriko historian barna murgilduko gara izan ditugun nahigabe, gertaera, maitasun, pozak eta beste hainbat pasarteren testigu ditugun abestiekin. Egiten duguna, jaten duguna edota irakurtzen duguna garela diote. Jon Maiarentzat, aldiz, kantu bat gara”.
Abenduak 15, ostirala
20:30 Kantu-afaria Patrienean.
Gonbidatuak: Asteazkenekoak kantu taldea, akordeoi eta arrabita joleekin.
Izen-ematea: 688 690 361 (Iban), abenduaren 12ra arte.
Menua (25 euro):
-Urdaiazpiko-kroketak.
-Entsalada, gazta urdina eta intxaurrekin.
-Etxean egindako porru eta ganben brika.
-Bakailaoa bere saltsan patatekin.
-Txekor saiheskia piper gorri eta patata frijituekin.
-Laranja-budina txokolate bero eta izozkiarekin.
-Urteko ardoa / Sagardoa / Kafea / Infusioa.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala eta NOAUA! K.E.