Hurbilagoren Udazkeneko Azoka igandean

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 28a, 11:00

Herri merkataritzaren erakusleihoan bilakatuko du Hurbilago elkarteak Usurbilgo frontoia abenduaren 3an.

Hamazazpi postu, jan-edana, haurrentzako eskaintza, tokiko ekoizpena islatzen duen 650 Usurbil Bizi otarraren aurkezpena... Udazkeneko Azoka girotua izango dugu igande honetan, abenduaren 3an, Hurbilago elkartearen eskutik. 

Askotariko eskaintza plazaratuko diguten dendari txikiengana gerturatu, erosketatxoak egin eta goizpasa ederra egiteko aukera izango da. Hirugarren urtez antolatu du ekimen hau herriko merkatarien eta ostalarien elkarteak.

Otarraren aurkezpena
Gogoan izango duzue, azaroa hasieran 650 Usurbil Bizi otarra tokiko produktuez hornitzera deitu zitzaien herriko ekoizleei; batetik, kultura eta sormen industrian aritzen direnei, bestetik, lehen sektorean, ostalaritzan nahiz elikaduraren industrian jarduten dutenei. Dagoeneko osatu duten produktuen bilduma igandeko Hurbilagoren Udazkeneko Azokan aurkeztuko dute. 

Hortik aurrera, adi; iaz egin zuten moduan, abenduaren 4tik hilabete osoan zehar, Hurbilagoren saltokietan egindako erosketen truke, otar hauen zozketan parte hartzeko txartela irabaziko duzue. Zozketa abenduaren 30ean egingo dute, eta biharamunean, hilaren 31n ekitaldi baten bidez banatuko dituzte. Zorte on!

Hurbilago San Silbestre
Egun berean, gainera, 2023ko azkeneko igande horretan, Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa ospatuko da. Hitzordu honek ere lerrootan aipagai dugun sektoreokin lotura zuzena du. Izan ere, Usurbilgo merkatari eta ostalariak biltzen dituen Hurbilagok antolatzen du ekimen hau, tokiko komertzio eta ostalaritza establezimenduen alde. Ibilbidea ere halakoxea du; bitan ematen zaio itzulia Usurbilgo sektore honetako jarduerak biltzen dituen eremu nagusiari. Lasterketarako izena aurrez bideratzeko aukera egongo da gertuago.eus atarian. 

Deskontuetarako bonuak
Hurbilagok iragarriak dituen deialdi hauez gain, gogoan izan baita; abenduaren 2ra arte indarrean segiko du "ordaindu 20 eta eskuratu 30" deskontu-kanpainak. Aldarriak dioen moduan, 20 euroko bonuak eskuragarri jarri ditu Hurbilagok. 20 euro ordainduta, 30 euroko erosketa egin ahalko da. Bezero bakoitzak hiru bonu eskuratzeko aukera izango du. Elkarte honetako kide diren saltokietan 30 eurora arteko deskontua aplikatzeko aukera izango da. Bonuak gertuago.eus atarian eskuratu ahalko dituzue.

Hurbilagoren deialdiak
Abenduak 3, igandea
Udazkeneko Azoka Usurbilgo frontoian:
11:30-14:30 Azoka: Lizardi liburudenda, Ione Iruretagoiena, Ama eta biok, Amesgile Argitaletxea, Bihurri, Ciaobellaido, Crea, Garoa Elkartea, Gigil Design, Izan Inurri, Jukima, Knot, Koloreztatu, Kool Studio, Ni Naiz, Osabi, Pott Keramika, Tilin talan, Urluma.
11:30-14:30 Pultsera tailerra, Ziortza Gazte Elkartearen eskutik.
12:00 Ipuin kontaketa, Amesgile Argitaletxearen ipuin kontaketa.
13:00 650 Usurbil Bizi Usurbilgo ekoizleen produktuekin osatutako gabonetako otarraren aurkezpena.
Goizean zehar, gaztainak eta sagardoa doan (azokan erosketa bat eginda).

Abenduak 4-30
650 Usurbil Bizi otarra eskuratzeko zozketan parte hartzeko aukera. Hurbilagoren saltokietan erosketak egitearen truke zozketarako txartelak banatuko dituzte.

Abenduak 30, larunbata
Egitasmo honetan parte hartuko duten herriko establezimendu bakoitzeko bezeroen artean sarituak nortzuk diren erabakitzeko zozketak egingo dira.

Abenduak 31, igandea
13:00 650 Usurbil Bizi otarren banaketa ekitaldia Usurbilgo frontoian.
17:00 Hurbilago San Silbestre herri lasterketa.

Antolatzailea: Hurbilago, Usurbilgo merkatarien eta ostalarien elkartea.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala, Eusko Jaurlaritza.