Miriam Arrillaga eta Goiuri Zabaleta izango dira, hurrenez hurren, Leire Garai eta Amaia Aldairen arerioak abenduaren 6n Abadiñon jokatuko diren Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxako finalerdietan, aurreko asteburuan Legutio eta Arratzuren artean jokatutako final laurdenetako azken kanporaketetan Nora Mendizabal (22-12) eta Enara Gaminde (22-19) gailendu ondoren.
Emakume Master Cupeko kudeatzaileen esanetan, "maila geroz eta hobearekin, garesti egon dira finalerdietako txartelak eta partida oso ikusgarriak espero dira finalerdietan, Durangoko final handiaren atarian".
Sei tanto egin zituen jarraian sakearekin
Larunbatekoa Legution bi zati oso desberdin izan zituen partida izan zen. "Lehen erdi luzean, Nora Mendizabalek partida handia jokatu zuen, kantxan oso lasai zela partida guztiz dominatuz eta era guztietako dejadekin tanto ugari lortuz. Miriam Arrillagaren desesperaziorako, 11-3ko emaitzarekin aurreratu zen markagailuan".
Hala ere, buruz buruko lehietan "sakeak ikaragarrizko garrantzia du eta, lehen pilotakadarekin sei tanto egin zituen jarraian Arrillagak eta partida goitik-behera aldatu zen. Norgehiagokaren bigarren zatian paperak erabat aldatu ziren eta 2019ko txapelduna ia zuzenean joan zen 22. kartoira eta Nora Mendizabal izan zen desesperatuta amaitu zuena", Master Cupekoek bidalitako kronikak dioenez.
Biharamunean, Arratzun jokatutako partida ez zen atzean geratu eta bi pilotariek erabat akituta amaitu zuten ordubete baino gehiago iraun zuen lehia gogor eta ikusgarrian. "Kasu honetan lehen erdia ezin orekatuagoa izan zen, denera bost berdinketa ere izan baitziren, seina, zazpina, zortzina, bederatzina eta hamarna. Bi paretako ederrekin amaitutako zenbait tantorekin, lortu zuen Goiuri Zabaletak bost tantotako zulotxo bat irekitzea eta alde hori kudeatzen asmatu zuen, nahiz eta Enara Gamindek gauzak oso oso zail jarri zizkion azken-azken txanparaino".
Asteburua erabat betea izan zen. Pilota mistoko eliteko bi kanporaketa hauez gain, beste mailetako hamaika partida ere jokatu ziren "pilotalekuetan bildu ziren zaleen gozamenerako".
Finalaurrekoa, Abadiñon
Miriam Arrillagak abenduaren 6an jokatuko du finalaurreko partida. Abadiñon izango da norgehiagoka, eta Aldai pilotaria gainditu beharko du final handirako txartela eskuratu nahi badu. ETB1n eskainiko dute finala.
Lau eta erdiko Master Laboral Kutxa
Finalaurrekoak:
Eguna: Abenduak 6.
Ordua: 12:00.
Tokia: Abadiñoko frontoian:
• Garai-Zabaleta.
• Arrillaga-Aldai.
Finala:
Eguna: Abenduak 17. Ordua: 12:00.
Tokia: Durango-Ezkurdia.