#A30

Biharko grebak eten egingo du egunerokotasuna, zaintza eskubide kolektiboaren alde

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 29a, 21:53

Zaintza eskubide kolektiboaren alde Euskal Herriko Mugimendu Feministak ostegunerako, azaroaren 30erako deitua duen greba feminista orokorrak begi bistako eragina izango du Usurbilen. Egunerokotasuna eten egingo da bihar.

Udal-ekipamendu eta zerbitzuak
Azaroaren 30ean deitutako greba orokor feminista dela eta, "udal-ekipamenduak itxita egongo dira ostegun honetan, langileen batzarrak zein udal-gobernuak grebarekin bat egitea erabaki ondoren". Beraz udaletxea, Sutegi, Potxoenea, Gizarte Zerbitzuak, Gaztelekua, Oiardo kiroldegia eta Harane itxita egongo dira ostegunean. Garbitaniak ere grebarekin bat egin duenez, ez da hondakin bilketarik izango ostegunean. Dena den, larrialdi guneak irekita egongo dira, inork ezinbestean erabiltzeko beharra balu ere. Eguneko Arreta ez da martxan izango, eta erabiltzaileek baliatzen duten Bidez Bide garraio zerbitzua ere eten egingo da. Azaroko ohiko osoko bilkura egun bat lehenago egingo da, azaroaren 29an, arrazoi beragatik. 

Etumeta AEK euskaltegia
Hainbat zerbitzu etengo dira ostegunean, greba orokor feministaren deialdi hau dela eta. Horien artean da Etumeta AEK euskaltegia. Bertatik ikasleei jakinarazi dietenez, "datorren ostegunean, hilaren 30ean,  jakingo duzuen bezala Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba orokorrerako deia egin du zaintza publiko eta kolektiboaren alde, eta Etumetako irakasleok greba egingo dugu". Euskaltegikoen berri blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek atarian jaso dezakezue.

Udarregi ikastola
Ikastolako langileen gehiengoak ere bat egin du osteguneko greba feminista orokorrarekin. Gutxieneko zerbitzuak finkatu dituzte ondorioz. Hala jakinarazi dute Udarregitik. "Azaroaren 30erako Greba Orokor Feministarako deialdia egin da gure gizartean. Udarregi Ikastolako langileen gehiengoa grebara batu da eta, beraz, egun horretan gobernutik jarritako irizpideek markaturiko gutxieneko zerbitzuak eskainiko dira Haur Eskolan nahiz Ikastolan", ohartarazi dute ikastolatik.

NOAUA! Kultur Elkartea
Kultur elkarte honek ere bat egingo du zaintza eskubide kolektiboaren alde azaroaren 30erako deitua dagoen greba feminista orokorrarekin. Elkartearen egoitza itxita egongo da, zerbitzu guztiak etenda, baita egun horretan egin ohi den aldizkariaren banaketa ere. Banaketa lana bezperan eta biharamunean bideratuko da. Soilik web orri hau eta sare sozialak izango ditugu martxan, egun horretako grebaren jarraipena egiteko bakarrik.

Ekitaldirik ez
Usurbil herri bizia izanik, ia egunero izaten da hitzorduren bat herri honetan. Ostegunean berez, osoko bilkura egitea egokituko zitzaien udal talde politikoei. Baina iragan hilabeteko udalbatzarrean egun bat, hilaren 29ra aurreratzea erabaki zuten. Azaroaren 30ean, beraz, ez da ekitaldirik izango. Soilik, egun horretarako aurreikusiak dauden ekimenak, grebari lotuta Usurbilgo Asanblada Mistotik iragarri dituztenak.

Lurraldebus
Gutxieneko zerbitzuak finkatu ditu baita Lurraldebusek ostegunerako, azaroaren 30erako. Zumaia Donostiarekin lotzen duen UK09 zerbitzuan, esaterako, Donostiarantz zerbitzuok eskainiko dituela iragarri du: 8:10ean, 9:15ean, 13:15ean, 13:45ean, 19:15ean eta 20:15ean. Usurbildik Aginagarantz, 7:15ean, 9:15ean, 10:15ean, 14:15ean, 14:45ean, 19:15ean eta 21:45ean. Informazio gehiago lurraldebus.eus atarian edo 900 300 340 telefono zenbakian.

Euskotren
Gutxieneko tren zerbitzuak finkatu ditu ostegunerako, Euskotrenek; asteburuetakoak. Alegia, orduero ibiliko dira trenak Donostiarantz 6:24-22:24 artean. Azken zerbitzua, 22:54an izango da. Oriorantz 6:04-22:04 artean. Informazio gehiago: euskotren.eus atarian edo 944 333 333 telefono zenbakian.