Osoko bilkura

Urteko azken osoko bilkura ere ohi baino lehenago

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 29a, 19:55

Gaurkoa bezala, urteko azken osoko bilkura ere ohi baino lehenago egingo dute. Hala erabaki dute asteazken honetako udalbatzarrean. Urteko azken hitzordu horretan, 2024rako udal aurrekontuen hasierako onarpena bozkatuko dute.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza eskubide kolektiboaren alde ostegun honetarako, azaroaren 30erako deitua duen greba feminista orokorragatik, egun bat aurreratu dute hilabete honi zegokion osoko bilkura. Izatez bihar egokituko zen, hilero azken ostegunetan egiten duten moduan, baina urriko udalbatzarrean grebarekin bat egiteaz gain, hilabete honetako saioa asteazken honetara, azaroaren 29ra aurreratzea erabaki zuen udalbatzak aho batez.

Osoko bilkura hori iragarri moduan, gaur egin dute. Hizpide izan dituzten gaien artean, abenduko udalbatzarra hartu dute ahotan. Gaurkoarekin egin bezala, aurreratzea proposatu du udal gobernu taldeak. Izatez, abenduaren 28an egokituko zen, baina aurreko urteetan egin duten moduan, astebete aurreratzea aho batez onartu dute bozketa bidez hiru udal taldeek gaurko saioan.

Urte berrirako udal aurrekontuen osoko bilkura
2023. urteko azken udalbatzarra, beraz, abenduaren 20an egingo dute, gaur bezala, asteazkenez. Arratsaldeko 18:00etan hasiko duten saioan, ohikoa den moduan, 2024rako udal aurrekontuen hasierako onarpena izango dute hizpideen artean. Gogoan izan, aste honetan Usurbilgo auzo eta herrietan aurkezten aritu da udal gobernu taldea urte berrirako udal aurrekontuen proposamena, hauen berri eman dute, ekarpenak jaso eta tokian tokiko beharrez hitz egiten aritu dira. Udal barruan ere gauza bera egin dute, besteak beste, oposizioko taldeekin.

Aipatu moduan, 2024rako udal aurrekontuen proposamena abenduaren 20an egingo duten urteko azken osoko bilkurara eramango du udal gobernu taldeak, hasieraz onartzeko.