Osoko bilkura

Langile publikoen urteko bigarren soldata igoera onartu dute

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 29a, 20:10

Langile publikoen urteko bigarren soldata igoera onartu du udalbatzak aho batez, asteazken honetako osoko bilkuran.

Martxoaren 30eko osoko bilkuran langile publikoen urteko lehenengo soldata igoera onartu zuten, %2,5ekoa. %0,5ekoa gaurkoan. Urteko bigarren soldata igoera da honakoa eta udal gobernu taldetik iragarri dutenez, hirugarren igoera bat ere izango da datorren urte hasieran.

Langile publikoen soldata igoera hauek UGT, CCOO eta funtzionarioen sindikatuak sinaturiko estatu mailako adostasunaren baitan kokatu ditu, estatuko Aurrekontuen Legearen testuinguruan. Gehienez %2,5eko igoera onartu zuten, baina gerora, 2022ko KPI-a eta 2023ko iraileko KPIaren batura %6tik gorakoa balitz, langile publikoen soldatetan beste %0,5eko igoera aplikatzekotan geratu ziren, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak erabaki eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean.

Hala gertatu da, erabaki hauxe, langile publikoen soldatetan %0,5eko igoera aplikatuko zutela argitaratu zuten urriaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofizialean. Martxoko igoera bezala, oraingo hau ere urtarrila hasierako atzeraeraginez aplikatuko dute.

Hala dio gaurko osoko bilkuran aho batez onarturiko ebazpenak: "Usurbilgo Udaleko langileen lansariak %0,5-a igotzea onartzea, 2023ko urtarrilaren 1eko ondorioekin, beti ere 2022ko abenduaren 31ean indarrean zeuden lansariei buruz, eta alderatzen diren bi aldien artean homogeneotasuna baldintzetan, bai langilegoa osatzen dutenen kopuruari dagokionez nola baita langile horien antzinatasun sarien kopuruari dagokioenez ere. Guzti hori Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 legean jasotako ahalbidearekin bat etorriz".