Greba feminista orokorra

"Ez dugu sistema hau zainduko!"

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 30a, 15:03

Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba feminista orokor honen baitan, Usurbilen egin den manifestazio amaieran irakurritako adierazpena duzue segidan, bere osotasunean. "Ez dugu sistema hau zainduko!", aldarrikatu dute, manifestazio jendetsuan bildutako herrikideen txalo artean.

Greba feminista orokorra: irakurketa
Gaur egun krisi ekosozial global batean murgilduta gaude: kapitalismoak, patriarkatuak eta kolonialismoak bere fase neoliberalean eragindakoa, sustrai sakonak dituena. Bizitza akabatzen duen sistema baten aurrean gaude: bai pertsonen bizitzak, bai natura bera.

Kapitalaren eta bizitzaren arteko talkan, kapitalaren alde lerratzen da sistema. Gure bizitzak ez dira kapital metaketarako bide besterik. Etengabeko prekarizazio honetan, zaintza lanak ezinbestekoak dira eta sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta arrazistak ikusezin, feminizatu eta prekarizatu bilakatu ditu.

Euskal Herrian, gaur egun, zaintzarako zerbitzuak gero eta pribatizatuago daude. Alde batetik, familia heteropatriarkala erdigunean jartzen duten politikak erabiltzen ari dira zerbitzu horiek ez garatzeko; berriro zaintza lanak emakumeon gain uzten ari dira. Beste aldetik, nahiz eta administrazio publikoa izan zaintza zerbitzuak kudeatzeko arduraduna, kasu gehienetan kudeaketa ez-zuzena ezarri dute, enpresa pribatuen esku utzi dute. Horrek zaintza kalitate eza eta langileen lan-baldintzen prekarizazioa eragin du.

Baina zaintza ez da unean uneko zerbait, zaintza bizitzako eremu guztietan beharrezkoa da: gure gorputzen eta gure komunitateen iraunkortasunerako, bizitza, ongizatea eta osasuna iraunarazteko. Zaintza bizitza duina eraikitzeko oinarria da.

Horrela, zaintza lanen aitortzarik eta banatzerik ezak, zaintzaileen lan baldintzak kaxkarrak eta hortik eratorritako arretaren kalitate txarrak zaintza-ereduaren aldaketa baten beharra mahaigaineratzen digute.

Zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dugu; hau da, pertsona guztiek, bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde egin nahi dugu. Eraldaketa erradikala sortzeko, zaintza lanen egungo antolamendu soziala eraldatu nahi dugu, eta horrek bi planotan pentsatzea dakar: epe laburrera premiei erantzutea, egun prekarioenen eta kolapsatuta dauden egoerei aurre eginez eta epe luzera bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat imajinatzea eta definitzea, sistema kapitalista, arrazista eta zisheteropatriarkala gaindituko duena.

Bizitza duinak erdigunean jartzeko, zaintza sistema publiko-komunitario baterantz goazela diogu. Publiko izateak zaintzarako eskubide unibertsala bermatu behar du, eskubide sozial gisa ulertuta. Alor publikotik finantzaketa eta kalitatea bermatu behar dira. Komunitateaz aritzea bizitza komunaren logikan eraikitzearen aldeko apustua egitea da, zaintza eskubide eta erantzukizun kolektibo gisa ulertzea. Baina komunitateak ez du bete behar administrazioek estali gabe uzten duten hori. Komunitatea tokian toki sustraitzen da, eta udalgintzaren bitartez publikoarekin elkarlotu daiteke. Era berean, sektore publikoan zuzenean parte hartzeko mekanismoak sustatu behar dira.

Aldaketa erradikala eragiteko, funtsezkoa izango da gure subjektibotasunean aldaketa sakonak sustatzea, pedagogia feminista batetik, genero sozializazioa eta lanaren banaketa sexuala eta arrazista desegingo dituena, zaintzarekiko konpromisoak eta erantzukizunak ekarriko dituena, premia eta eskubide kolektibo gisa hartuta, bizitzaren hasieratik amaiera arte.

Hilabeteak daramatzagu elkarlanean, ikasten eta etorkizun berri bat aldarrikatzen. Gaur, 2023ko azaroaren 30ean, aurrerapausu handi bat eman dugu. Euskal Herri osoko kaleak hartu ditugu, eta argi oihukatuko dugu: ez dugu sistema hau zainduko! Zaintza eskubide kolektiboaren alde!