Greba feminista orokorra

Greba egin ezin izan duten zaintzaileei elkartasuna adierazi diete

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 30a, 15:42

Eguerdian egin den greba feminista orokorreko egun honetako herri mobilizazio nagusiak geltoki berezia izan du, Kalezarko Egurtzegi parean. Greba egin izan ezin dutenei elkartasuna , babesa adierazi diete txalo artean.

Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba feminista orokorra ostegun honetan, azaroaren 30ean Euskal Herrian, tartean Usurbilen. Eguerdian, "zaintza sistema publikoa orain" aldarripean herriko kaleak zeharkatu dituen manifestazio jendetsua egin dute. Mobilizazioak geltoki berezi bat izan du ibilbidean zehar; Egurtzegi, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berria. Manifestariak bertan geratu dira. Elkartasun eta babes osoa adierazi nahi izan diete txalo artean, geure bizitzak sustengatzeko urte osoan bezala, gaur ere zaintza lanak eten ezin izan dituztenei.

Txaloka hartu dituzte Egurtzegiko egoitza atarira nahiz balkoietara atera diren langileak eta haiek ere modu berean erantzun dute. Hitzak soberan zeudenez, batzuek eta besteek bat egin dute gaurko aldarrien bueltan elkarri txaloka. Bien artean, ke laranja isuri dute. Kolorea nabarmentzeko modukoa da. Izan ere, Euskal Herriko Mugimendu Feministak gaurkoan plazaratzekoak zituen aldarrien erdigunean diren hainbat eta hainbat langileek greba ezingo zutela egin jakinda, haiei guztiei laranja koloreko besokoa eramatea proposatu diete. "Erabili besokoa greba egunean lan egitera behartuta bazaude!", deitua zuten.

Galdetegiko ondorioak bistaratzen
Mobilizazioak, izan du beste une gogoangarririk; Askatasuna plaza ondoan hain zuzen. Koloretako kezko bengala artean, zer hausnartua eta zer eraldatua badugula ohartarazi diguten kartel handiak manifestarien begi bistan jarri dituzte. Modu horretan, ikusgarri egin nahi izan dute azken asteotan gaurko greba feminista orokorrari begira zabaldu duten herri galdetegian bildutako zenbait datu esanguratsu, ikusgarri egiteko modukoak hain zuzen. Batetik, "gizonen %45ak soilik uste du etxeko/zaintza lanen ardura nagusiki emakumeengan erortzen dela". Aldiz, ekimen honen sustatzaile Usurbilgo Asanbada Mistoak bildu ahal dituen ondorioen artean da baita, "emakumeen %88ak etxeko/zaintza lanen ardura nagusiki emakumeengan erortzen dela uste" duela. Mezuon ondotik, hirugarrena, nabarmentzekoa baita. "Zaindu roletik galdetegia bete dutenen artean %91k adierazi du zaintza jaso ez balu ez litzatekeela egun dena izatera iritsiko".