Greba feminista orokorra

Zaintza sistema errotik orain aldatzea galdegin dute, herri mobilizazio jendetsuan

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 30a, 17:06

"Zaintza sistema publikoa orain" aldarripean, herri mobilizazio jendetsua egin dute greba feminista orokor honetan. Irudiotan bildu dugu herria zeharkatu duen manifestazioa.

Eguerdiko 13:00ak aldera herriko kaleek zuten itxura duzue ondoko irudiotan. Ezohiko osteguna zalantza izpirik gabe. Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza eskubide kolektiboaren alde deitutako greba feminista orokor honekin bat egin duten herritar hainbatek parte hartu dute herri mailan egin den mobilizazio nagusian.

Frontoian hasi eta amaitu den manifestazioak Kaxkoa, Munalurra eta, oraingoan baita zaintzaren erdigunea dugun Egurtzegi eta Kalezar inguruak zeharkatu ditu. Manifestazioaren buru, etorkizuneko emakumeen belaunaldia, "zaintza sistema publikoa orain" aldarridun pankarta eramaten mobilizazio osoan zehar.

"Zaintzarekin negoziorik ez" edota "sistema hau ez dugu zainduko" gisako aldarriak oihukatu dituzte euriagatik babesteko aterkipean osatu behar izan duten ibilbidean zehar.