Greba feminista orokorra

Greba feminista orokorrak arrasto nabarmena utzi du herrian

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 30a, 11:16

Herria ez du guztiz geldiarazi, baina begi-bistakoa izan da Euskal Herriko Mugimendu Feministak hainbat eragileren babesarekin ostegun honetarako deitua zuen zaintza eskubide kolektiboaren aldeko grebak Usurbilen izan duen jarraipena.

Ez zen ohiko osteguna gaurkoan Usurbilen. Lanean hasteko unea heldu denean, planto egin dute hainbat eta hainbat herrikideek. Gaur ez zuten klaserik ikasleek, langile hainbatek ez dute haien eguneroko lanposturako bidea hartu. Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza eskubide kolektiboaren alde gaurko deitutako greba feminista orokorrak begi-bistako arrastoa utzi du Usurbilen. Herria ez du erabat gelditu, baina eguneroko bizimodua nabarmen eten du.

Ikastetxeei dagokienez, grebarekin bat egin eta gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte Aginaga zein Zubietako eskoletan baita Udarregi ikastolan ere. Ikastolako langileen gehiengoak gaurko grebarekin bat egingo zuela iragarria zuen. "Gobernutik jarritako irizpideek markaturiko gutxieneko zerbitzuak eskainiko dira Haur Eskolan nahiz Ikastolan", ohartarazi dute ikastolatik.

Udal azpiegiturei dagokienez, etenaldia erabatekoa izan da. Gaur ez da hondakinik atez ate bildu Garbitaniak ere bat egin duelako greba feminista orokorrarekin. Larrialdi guneak soilik daude zabalik. Gainerakoan, udal azpiegiturak itxita azaroko azken egun honetan; bai udaletxea, Sutegi, Potxoenea, Gizarte Zerbitzuak, Gaztelekua, Oiardo kiroldegia eta Harane. Eguneko Arreta eten dute baita eta erabiltzaileek baliatzen duten Bidez Bide garraio zerbitzua ere bertan behera utzi dute.

Euskalgintzak eta kulturgintzak ere bat egin du gaurko greba egunarekin; herrian ekitaldirik ez azaroko azken egun honetan. Etumeta AEK euskaltegia itxita baita. Bertatik ikasleei jakinarazia zietenez, "Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba orokorrerako deia egin du zaintza publiko eta kolektiboaren alde, eta Etumetako irakasleok greba egingo dugu". Euskaltegikoen berri blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek atarian jaso dezakezue.

NOAUA! Kultur Elkartearen egoitza ere itxita. Zerbitzu guztiak etenda, langileak greban, eskaintzen ari garen zerbitzu hau izan ezik. Grebaren jarraipena egitera mugatu da hedabide hau azken orduotan, bai webgune nahiz sare sozialen bidez.

Garraio zerbitzuei dagokienean, Usurbilgo Udalaren Bidez Bide zerbitzua bertan behera utzi dutela adierazi dizuegu lerroon bidez. Euskotrenek eta Lurraldebusek, aldiz, gutxieneko zerbitzuak finkatu dituzte. Gaurkoan, tren zerbitzua orduero eskaintzen ari dira. Lurraldebusek eguneko lehen orduan, eguerdi partean eta iluntzean zenbait autobus zerbitzu baino ez du eskainiko.

Herriko saltokiei dagokienean, sektore honetan oso bestelakoa izan da grebak izan duen eragina. Kale batzuetan etenaldia erabatekoa izan dela suma zitekeen, tabernak eta dendak itxita. Beste zonalde batzuetan, eguneroko martxan zabaldu dituzte saltokiak.